[GUTUNA] Eskutitza Alcala Meco espetxetik

Manu Azkarate Ramos 2017ko aza. 24a, 12:00

Alcala Meco espetxetik, haserre idatzi du Manu Azkarate Ramosek.

Don Ramon, horrela du izena espetxe honetako mediku zuzendariordeak, hemen preso dauden guztien osasunaren ardura nagusia duenak.

Puerto de Santa Maria espetxetik etorria da Don Ramon espetxe hartan aritu zen garai batean euskal presoek ongi ezagutzen zuten beste mediku bat, Mengele goitizena zuena, eta Ibon Iparragirre ez kaleratzearen ardura handienetakoa duena da gaur egun. Bera eta zuzendariaren artean erabaki dute Iboni bere bizitzako azken egunak espetxean pasaraztea.

Ibonen gaiak kasik umorera eramango gintuzke egoeraren larritasunagatik ez balitz. Arazoari izkin egite horretan, pilota bezala darabilte Ibon: Espetxe Instituzioak orain, Espetxe Zaintzako Epaitegiak ondoren, honek forentsearen eskuetara, jarraian espetxeko Mediku Taldera, hortik espetxez kanpoko beste mediku talde batengana, Gregorio Marañon erietxetik igaro, internistak, psikiatrak, psikologoak eta abar eta abar.

Zuzendariorde medikuak, Don Ramonek, erraz dauka: mediku izan, besterik ez. Horixe bakarrik. Sendagileen kode deontologikoari leial izatea bezain erraza, sendagile ofizioak oinarri duen zin hipokratikoari leial izatea alegia. Diagnosi medikua, zientifikoa beraz, neutrala baizik ezin delako izan, ideologietatik eta espetxe politiketatik at. Eta Ibonen diagnosia birringarria, zorrotza eta eztabaidaezina da.

Baina hori sendagileak sendagile moduan aritzea erabakitzen badu. Kode deontologikoa onartu eta Espetxe Instituzioen interesen eta gaurko espainiar agintarien espainiar estatuko espetxeen egoerari buruz Bruselara txosten idiliko bat batere lotsatu gabe bidaltzeko gai diren berberak interesen gainetik gaixoaren interes klinikoa lehenestea erabakitzen badu.

Don Ramonek, gaixoaren osasunaz arduratzen den sendagile legez aritzearen edo kosta ahala kosta merituak egiten eta bere lantokian onurak lortzen jarraitzearen artean erabaki beharrean jarrita, ez du zalantzarik izan. Bere interes pertsonalak lehenetsi ditu. Kaleratuko dute, azken momentua iristen denean.

Eta ordurako jada bizirik ez balego, konponduko dituzte agiriak ospitalean hil zaitezen ohiko modua eta espetxean hiltzen diren presoei erreferentzia egiten dieten estatistikak igo ez daitezen.

Hainbeste urtez espetxean aritzeak soraio edo agian okerrago bilakatzen du azkenean edozein sendagile; giza eskubideen edozein bortxaketa, edozein ilegaltasun, nazioarteko gomendio eta arauen edozein errefusatze ontzat ematera ohitzen dute denborarekin. Azkenean, espetxe araudiaren aspekturik errepresiboena da zorrotz betetzen den gauza bakarra.

Ibonen bizia da orain dagokiguna, eta Don Ramonek Alcala Mecoko preso arruntekiko duen «profesionaltasuna» ezagututa, ez dut berarengandik ezer espero. Zer espero daiteke hanka eta esku lotuta egurtuak izan diren presoekin topo egin ondoren sekula ahorik ireki ez duenarengandik? Edo isolamendua ezarri ostean derrigorrezkoa den sendagile bisita, beti ere kaputxadunak agintea nork duen presoari erakusteko euren eskularru eta borrekin pasa aurretik edozein kuarteletan bezala, bai eta ez ondoren, egiten duenarengandik?

Konbentzitua nago beranduegi izan baino lehen aterako dela Ibon espetxetik. Herritarren presioari eta beste motatako gestioei esker aterako da, bere kasuaren inguruan egin diren mobilizazio eta ekimenei esker. Aterako da, baina ez bata zuridun zuzendariorde honen txosten medikuengatik. Aske aterako da, baina ez berari esker; bera hor egon arren aterako da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!