Tirolina berria, gaztetxo tolosarren gozamenerako

Ataria 2017ko azaroaren 23a

Haurren Hiria proiektuko eskaerak abiapuntu izan ditu udalak, skate gunea tirolinarekin osatzeko; 40 metroko luzera du.

Haurren Hiria proiektuko eskaera errepikatuenari erantzuna eman dio Tolosako Udalak: aurrerantzean, gaztetxoek tirolina batez gozatzeko aukera izango dute, Usabal kiroldegiko skate gunearen aldamenean. Joan den urrian prestatu zuten, baina proba eta egiaztatzeak egin nahi izan zituzten, herritarrei zabalik utzi aurretik. Horrela, hilabete hasieraz geroztik, tirolina haur eta gaztetxoen zain dago.

40 metroko jaitsiera du tirolinak, eta bikoitza da; lurretik, berriz, metroko altuera hartzen du, gutxi gorabehera.

Udalak erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko hainbat neurri hartu ditu, nahiz eta tirolina gaztetxo guztiek erabiltzeko modukoa izan: oztoporik gabeko eremu laua hautatu dute, eta tirolinaren inguruan jolasean aritzeko lur egokia aukeratu nahi izan dute. Halaber, jolasgunearen eta inguruaren erabilera nolabait arautzeko, panelak ezarri dituzte.

Tirolina egin eta ezartzeko, Tolosako Udalak 17.500 euroko aurrekontua baliatu du. Behin tirolina ezarrita, herriko 30 jolasgune ere aztertu ditu udalak, hutsune eta beharrak identifikatze aldera. Modu horretan, plan bat zehaztu dute, mantentze lanak pixkana osatzeko. Batzuk egin dituzte jada, eta urtea amaitzerako gehiago egingo dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!