«Iraganeko akatsak ez errepikatzeko ondo ulertu behar da gertatu zena»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 22a, 07:55

Gazteak eta memoria bateratu nahi ditu, gaur, Tolosako Bizikidetza Foroak, mahai inguru baten bitartez; 19:00etan hasiko da hitzordua, udaletxeko areto nagusian. Bertan izango da Irene Gantxegi, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan Bake eta Bizikidetza teknikaria

Tolosako Bizikidetza Foroak gazteei begirako hitzordua antolatu du gaur iluntzean: Gazteok eta iragan hurbilaren memoria mahai ingurua. Irene Gantxegi (Oñati, 1988) bertan ariko da, Iker Uson, Elvira Garcia eta Eñaut Aranbarrirekin batera, 19:00etatik aurrera.

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan ari zara, bake eta bizikidetza teknikari lanetan. Memoria gazteen kezken artean al dago?

Beharbada ez da lehentasuna duen gai bat, baina, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan azken hiru urteotan egindako lanketak erakutsi digun moduan, badira gai hori lantzeko eta jorratzeko interesa duten gazteak, eta hori beharrezkotzat jotzen dutenak.

Zein aspektu nabarmendu ohi dute gazteek, bizikidetzari begira?

Batez ere, elkarrizketarako gune horizontalak sortzea nabarmentzen dute gazteek, memoria ahaztu ez dadin. Garrantzitsutzat jotzen dute, besteak beste, belaunaldien arteko elkarrizketak ahalbidetzeko eta norbere esperientziak partekatzeko. Azken finean, belaunaldi desberdinen arteko elkarrizketak sortzen direnean, gertatutakoa orainalditik era kritikoan aztertzeko aukera sortzen da; gazteei hori interesatzen zaie gehien.

Zein adinetako gazteekin aritzen zarete zuek?

18 urtetik 30 urtera bitarteko gazteekin egiten ditugu lanketak. Adin desberdintasunak nabari dira iruditegian. Eta, horrez gain, pertsona bakoitzaren bizitzak edo ibilbideak ere aldatzen du egoera. Beharbada, batzuei etxean gehiago kontatu diete eta, aldiz, beste askok beren kabuz eskuratu dute informazioa.

Zuen erakundetik zein tresna darabiltzazue gazteekin memoria lantzeko?

EGKn hainbat lan esparru daude, eta baita hainbat lan talde ere, noski. Hilabetero, lan talde guztiok hainbat gazterekin elkartzen gara, beren interes eta kezkak ezagutzeko, eta ideia asko ateratzen ditugu, ondoren jarduerak diseinatu eta proposatzeko. Egin izan ditugu topaketak, euskal gatazkaren inguruko adituekin. 2014an, berriz, Euskal Herriko 40 pertsona esanguratsurekin batera, Bakehizketak egitasmoa antolatu zuen EGK-k; 20 gaztek parte hartu zuten. Finean, adin desberdinetako gazteak eta adituak elkartzen saiatzen gara gure jardueretan, beren artean esperientzia eta bizipen truke hori gerta dadin

Zure ustez, zergatik da garrantzitsua gertatu den hori ez ahaztea?

Iraganeko akatsak ez errepikatzeko ondo ulertu behar da gertatu zena eta, behin ulertu dugunean, irakurketa kritiko bat egitea ezinbestekoa da. Hor ikasketa prozesu bat gertatzen da, eta etorkizunean akats berak ez sortzeko lagungarria izango da. Bizikidetza baketsu bat sortzeko memoriak oinarria izan behar du, eta, noski, memoria giza eskubideen gainean eraiki behar da. Hori da guk sustatzen dugun ideietako bat.

Orain EGKn ari zara, baina zure doktore tesian euskal literatura eta biktimen errelatoa aztertu zenituen.

Bai. Gai horrek interes handia pizten zidan, gatazkak utzi dituen ondorioetako bat biktimak direlako. Horrela, lehenengo euskal gatazkaren inguruan lanen bat ekoitzi duten idazleen eleberriak aztertu nituen, ikusteko, ea nobela horien irakurketak laguntzen duen biktima horiek aitortzen. Izan ere, biktima batzuk beste batzuk baino gertuago sentitzen ditugu beti, ezagunagoak direlako edo, besterik gabe, bakoitzak bere bizipenak dituelako. Horrela, uste dut literaturak laguntzen digula gauzak hobeto ulertzen, ezezagunak zaizkigun istorioetara gerturatzen eta xehetasun horiek ezagutzen, gauzak sinpleak ez direla ikusteko.

Zure tesiaren ondorioa, beraz, baiezkoa da. Literaturak badu eraginik gizartean?

Bai. Tamalez, literaturak ezin ditu gauzak aldatu, baina galdera berriak proposatzen dizkigu. Eta, gure sentimenduak ere astintzen dituenez, literaturak laguntzen digu indarkeriaren ondorio larrien aurrean epel ez geratzen. Besteen istorioetan murgiltzen gara eta, literaturaren lehen helburua ez izan arren, ikuspuntu kritikoa garatzen laguntzen digu. Nik, tesian, liburu horien irakurketa eta lanketa bat ere proposatzen nuen eta, horregatik, zenbait tailer eskaini nituen.

Bizikidetza Foroak antolatuta, Laura Mintegik, Harkaitz Canok eta Aingeru Epaltzak euskal literatura eta euskal gatazka hizpide izan zituzten iaz. Azpimarratu zuten, besteak beste, leporatu izan dietela gatazkaren gaiari berandu heldu izana. Zein iritzi duzu?

Beti esaten da zenbat eta gehiago idatzi, hobe dela, eta ados nago. Dena den, 1990ko hamarkadan zenbait idazle hasi ziren gai horren inguruan gogoeta egiten. Garai hartan idaztea ez zen erraza, eta zenbait idazle kritikoak izan ziren indarkeriarekiko. Uste dut horiek kontuan hartu behar direla, hain lan entzutetsuak ez diren arren. Azkenaldian liburu gehiagok ukitzen dute gatazkaren gaia, eta hori positiboa da, noski.

Zein liburu aztertu zenituen tesian?

Tesirako antolatutako literatur tailerretan Luisa Etxenikeren El ángulo ciego, Mikel Hernandez Abaituaren Etorriko haiz nirekin?, Patxi Zubizarretaren Pikolo, Bernardo Atxagaren Zeru horiek eta Jokin Muñozen Bizia lo izan genituen aztergai. Guztiek gai bera lantzeko ikuspuntu bana dute, biktima mota desberdinak irudikatzen baitituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!