Aurtengo bilketa tasa «ona» izaten ari dela dio Tolosako Udalak

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 21a, 18:52
Patxi Amantegi Ingurumen zinegotzia, Berazubin jarritako erakuslearen ondoan.

'Birziklatu, zalantzarik gabe' kanpaina abian jarri du udalak; edukiontzi horian zer sartu behar den ikusteko erakusleak jarri dituzte herriko zenbait puntutan.

Hondakinen Prebentzio Astearen barruan, Tolosako Udalak aurtengo gaikako bilketaren datua eman eta Birziklatu, zalantzarik gabe kanpaina aurkeztu du. Aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan %71 da bataz besteko gaikako bilketa. Patxi Amantegi Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, «bilketa tasa onetan gaude, %70etik gora gabiltza, baina ikusi dugu ez dagozkien hondakinak daudela edukiontzietan. Tasan hobetzea nahiko zaila zaigu, baina hobeto egin behar dugu sailkatze hori».

Prebentzio astean sartuta izanik, Amantegik esan du «gaizki sailkatuta dagoenak zabor gehiago» sortzen duela, eta «hori ekiditea ere prebentzioa da». Gogora ekarri du batetik badirela errefusera joaten diren hondakinak, baina ez direla bertan egon behar. «Hori zuzenean bertatik kendu behar da eta eraman edukiontzietara». Bestetik, organiko, plastikoen eta paper eta kartoien edukiontzietara sartzen diren hondakinak, baina ez direnak bertan sartu behar izaten direla. «Organikoari buelta berezi bat emango diogu baina oraingo kanpaina honetan edukiontzi horian zentratuko gara», esan du Amantegik.

Edukiontzi horiari begira, beraz, antolatu du Tolosako Udalak Birziklatu, zalantzarik gabe kanpaina. Herriko lau puntutan paletekin egindako erakusle bana jarri dira: Emeterio Arresen, Zumalakarregin, Rondilla kalean eta Berazubin. Hiru erakusleek ontzi arinen edukiontzira zer bota behar den erakusten dute, eta laugarrenak, gainontzeko edukiontzietara bota behar dena. Abenduak 1era bitarte luzatuko da kanpaina.

Amantegik azaldu duenez, «ikusita zenbat gauza ditugun merkatuan, zaila egiten zaigu jakitea zer gauza joan behar diren edukiontzi horira. Iruditu zaigu oso interesgarria izan daitekeela lekuan bertan erakusleak jartzea eta herritarrek ikustea zer gauza joan behar duten edukiontzi horretan».

Edukiontzi horia ez dela plastikoentzat, baizik ontzi arinentzat, nabarmendu du Amantegik. «Erakuslean ikusten dira zein diren ontzi arin horiek: espraiak diren guztiak, kontserbatakoak, patata poltsak, latak... Interesgarria da erakustea zer gauza sartu daitezkeen eta horiek memorian gordeko ditugu». Amantegik herritarrak animatu ditu «ondo sailkatzera. Oso tasa onetan gaude, baina orain gure erronka izan behar du berezkoak ez diren horiek ahalik eta gehien murriztea».

Gaikako bilketari dagokionez, datu zehatza %70,94 dela azaldu du udalak. Horrela banatzen dira ehunekoak: %29,69 organikoa, %12,35 papera, %11,76 beira, %11,50 ontzi arinak, %3,24 kartoi komertziala, %2,20 arropa eta %0,20 landare olioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!