Badira ez errepikatzeko sortzen diren efemerideak. Horietako bat da azaroaren 25eko indarkeria matxistaren aurkako eguna eta, tamalez, egutegian puntu gorri batekin jarraitzen du. Tolosako Udalak ere prestatu du hilaren 25aren inguruko aldarri eta hitzorduen zerrenda, eta asteazkenean ekingo diote egitarauari. Aurten, bereziki, gordintasunari dei egin nahi izan diote, gizartearen begiak irekiarazteko.
Maite Ruiz de Eguilaz berdintasun zinegotziak eta Marta Garcia kultur etxeko antzerki taldeko kideak eskaini dute agerraldia, Euskal Pizkundea plazan. Ruiz de Eguilazek Berdintasuna Sailaren urte osoko lana azpimarratu nahi izan du, «parekidetasuna esparru guztietan lortzeko bidean». Aste honetan, ordea, indarkeria matxistaren aurkako egunean jarri nahi izan dute fokua, gaitz hori «behin eta berriz ezetz» esateko.
Beste hainbat herritan bezala, Tolosan ere Volar filma eskainiko dute. Indarkeria matxista jasandako bederatzi emakume dira dokumentaleko protagonista, eta beren testigantzekin gorpuztu du ikus-entzunezkoa, Bertha Gaztelumendik. Bihar izango da proiekzioa, 20:00etan, Leidor aretoan, eta dokumentala amaitu eta gero solasaldia egingo dute, filmeko protagonistetako birekin.
Hurrengo hitzordua ere kulturaren bidetik joango da indarkeria matxista salatzera, antzerki forman. Horrek ez dio, ordea, gordintasunik kenduko, Marta Garcia kultur etxeko antzerki taldeko kideak azpimarratu duenez. 18:30ean, 19:00etan eta 19:30ean hasita, Evaren alabak antzezlana eskainiko dute, ostiralean, Euskal Pizkundea plazan bertan: «Antzezlana gordina izango da, errealitatea ere hala delako, tamalez. Indarkeria matxistaren biktimekiko errespetuz aritu nahi dugu, noski, baina ikusleengan harridura sortuz. Lau aktore ariko gara, hiru emakume eta gizon bat. Finean, hiru egoera islatuko ditugu, hiru belaunalditatik, eta sarri hizpidera ekartzen ez ditugun gauzez hitz egin nahi dugu. Antzezlana ez dugu areto batean eskaini nahi izan, horrek ikusleari nolabaiteko erosotasuna eta lasaitasuna ematen diolako; gertu izango gaituzte, ez dute jakingo berengana gerturatuko garen ala ez, eta obraren gordina hobeto transmititzea izango da horren guztiaren helburua», azaldu du Garciak.
Aldarria eta dantza, urteroko moduan
Zine eta antzerki emanaldiekin batera, udalak urtero sustatzen dituen bi hitzorduak errepikatuko ditu aurten ere, azaroaren 25aren bueltan.
Horrela, antzerkiaren egun berean, ostiralarekin, elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak, udaletxe aurrean, 20:00etan; Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde leloak jarriko dio izenburua, aldarriari.
Azkenik, larunbatean, flashmoba egingo dute indarkeria matxistaren aurka, eta Gazteria Sailarekin elkarlanean. Aurten Gatiburen Aske matte, aske bizi kantua aukeratu dute aldarri egiteko, eta Youtuben eskuragarri da, jada, dantza ikasi ahal izateko bideoa; 12:00etan izango da.
Indarkeria Matxistaren Aurkako hitzorduak Tolosan
Azaroaren 22a, asteazkena, 20:00. Bertha Gaztelumendiren Volar dokumentala eskainiko dute Leidor areotan. Amaitutakoan solasaldia izango da, protagonistateko birekin.
Azaroaren 24a,ostirala.
18:30/19:00/19:30. Evaren alabak antzezlana eskainiko dute kultur etxeko antzerki tailerreko kideek, Euskal Pizkundea plazan.
20:00. Elkarretaratzea udaletxe aurrean, Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde lelopean.
Azaroaren 25a, larunbata, 12:00.
Indarkeria matxistaren aurkako flashmoba, Trianguloa plazan.