Babarrun platerkada onena, Donostiako bikote batena

Josu Artutxa Dorronsoro 2017ko aza. 19a, 18:48

Gure Kaiola elkarteak antolatuta, XXXI. Tolosako Babarrunaren lehiaketa Gastronomikoa ospatu da Trianguloa plazan, eta ondoren, bazkari herrikoia egin dute Zerkausian, atzoko ekoizle irabazlearen babarrunekin. Gaur, Donostiako Gure elkarteko Josu Alvarez eta Luis Albaina izan dira garaile.

Trianguloa plaza jendez lepo bete bazen atzo, gaur ere itxura ederra zuen goizean nahiz eguerdian. Atzoko ekoizleen lehiaketaren ondoren, lehiaketa gastronomikoa ospatu da gaur. Bertan, 28 bikotek hartu dute parte, eta amaieran, hiruk jaso dituzte garaikurrak, nahiz eta Eroskik eskainitako sari bat egon den 56 partaideentzat. Bazkaltzen, 500 bat lagun izan dira guztira. Jesus Gallego Gure Kaiola elkarteko bazkideak adierazi duenez, "tiket guztiak saldu ditugu". Guztia antolatzeko garaian egin beharreko lanaren inguruan galdetuta, argi du Gallegok: "31. aldia da egun hau antolatzen dugula, eta agian horrek ere gauza ugari errazten ditu. Elkartearen izenean, gainera, 50 pertsonak egiten dute lan".

Lehen esan bezala, Donostiako bikotearena izan da babarrun platerkada onena. Beraiek, gainontzeko bikoteak bezala, goizeko 9:00ak aldera hasi dira lanean, babarrunak nahiz gainerako jakiak prestatzen. "Berez, 36 bikote zeuden izena emanda, baina lehengo urtean aritu ez zirenek zuten lehentasuna, eta errepikatu nahi zutenen artean, zozketa egin behar izan dugu, aniztasuna bermatze aldera", adierazi du Gallegok.

Eta azkenean, parte hartu duten bikoteen errezetak, goi-mailako zazpi sukaldari nahiz kritikariz osatutako taldeak dastatu ditu, herritarren aurrean egindako epaiketan. Bertan izan da, beste guztiekin batera, Michelin izar ugari dituen Martin Berasategi sukaldari ospetsua. Bere hitzetan, "ohore bat da hona etorri eta lehiaketa honetan epaile bezala aritzea", eta ondorengoa gehitu du: "Duela bi urte etorri nintzen azkenekoz, eta ordukoak ere oso goxoak zeuden, baina aurtengoak are hobeak daude; maila sekulakoa da".

Epaimahaien iritziak entzun ondoren, lehiaketan parte hartu dutenek, herritar ugarirekin batera, bazkari herrikoia egin dute Zerkausian. Bertan, musikaz gozatzeko aukera ere izan da, eta kafea hartu ondoren eman dira ezagutzera, aurtengo babarrun platerkada onenak. Lehenengo sailkatuak, lehen esanda moduan, Donostiara itzuli dira, txapela jantzita, garaikurra eta dirua eskutan.

Bigarrenak nahiz hirugarrenak, berriz, eskualdean geratu dira. Txapeldunorde, Tolosako Agustin Otegi eta Mikel Gorostiaga izan dira, aitona eta biloba. "Urte asko dira parte hartzen hasi nintzela, eta orain, biloba ilusioz gainezka ikusteak, ez uztera narama". Bi kide hauek, gainera, eskualdeko partaide onenen saria ere irabazi dute, eta ondorioz, garaikur berri bat eskuratu dute, Babarrun Kofradiako kideen eskutik. Hirugarren urtea dute batera sukaldean ari direna. Azkenik, hirugarren sailkatuaren garaikurra eta dirua, Xepla elkarteko Juan Carlos Aretxaga eta Alberto Zubelzu ibartarrek eraman dute etxera.

Sailkapena:

1) Josu Alvarez eta Luis Albaina (Gure elkartea-Alza)

2) Agustin Otegi eta Mikel Gorostiaga (Tolosa)

3) Juan Carlos Aretxaga eta Alberto Zubelzu (Xepla elkartea-Ibarra)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!