24 ekoizlek hartu dute parte lehiaketak eta goizean goiz hasi dira eskualdeko sukaldariak babarrunak prestatzen: ura, gatza eta olioa baino ez dituzte erabili horretarako. Eguerdirako prest zeuden eltzeak, eta besteak beste, Irati Artutxa, Joseba Telleria eta Luisa Lopez Telleriak osatutako epaimahaiak dastatu dituzte babarrunak.
Haien erabakia izan da, Tolosako babarrun onena bezala izendatzea, Albizturko Iriarte baserrikoa. Etxeko nagusi, Alberto Labakak pozik jaso du saria eta nabarmendu du aurtengo bere uzta bereziki ona izan dela. Bigarren saria, Legorretako Joxe Mujika Garmendiak jaso du eta hirugarrena Zumaiko Joxe Mari Aramendik.
Enkantean jarri dute babarrun irabazlearen lakari bat eta 1.500 euro eman ditu Tolosako Karela tabernako Jose Manuel Toledok. Enkantean bildutako dirua Haurkizuna fundazioarentzako izan da eta bertako kide diren Martin Gondra eta Ignacio Malkorrak jaso dute txekea Trianguloko oholtza gainean.
Odolki onena, Beasaingoa
Bestalde, San Blas elkarteak odolki lehiaketa antolatu du, aurten 25. aldiz. Iaz, Babarrunaren festarekin batera hasi ziren lehiaketa hau antolatzen, aurrez Gabonetako Azoka berezian egiten baitzuten urtero. 13 parte hartzaile izan dira guztira eta Beasaingo Olano harategikoa aukeratu dute odolkirik onena bezala. Kontentu jaso du saria Loinaz Usabiaga irabazleak.
Goiz osoan zehar azoka berezia izan da gaur Tolosan eta 24 postu izan dira, bereziki, txerriki eta odolkiarekin loturiko produktuak izan dira protagonista. Gainera, Haurkide fundaziokoek babarruna banatu dute jendeak dastatu dezan.