«Oso liburu bisualak ditut, eta pertsonalak, bakarrak»

Joxemi Saizar 2017ko aza. 20a, 07:36

Patxi Astibia aizkolari leitzarrari buruzko liburua kaleratu berri du Joseba Urretabizkaia (Tolosa, 1965) argazkilariak, Iñigo Goñi kazetariaren testuekin. Gaztetan pilotari astindu ederrak ematen zizkioten eskuekin irudi ederrak lortzen ditu orain. 25 urte bete ditu argazkigintzan eta argitalpen eta proiektu ugariz beteta dauka burua sortu berri duen argitaletxearekin.

Noiz eta nola hasi zinen argazkigintzan?

Txikitatik margotu egiten nuen asko eta argazkigintzan hasi nintzenean, gustatu egin zitzaidan, emaitza oso azkarra delako. Madrilen ikasi nuen, argazkilari baten estudioan. Argazki denda duela 27 urte ireki nuen.

Zer egiten zenuen dendan?

Denetatik. Bezeroei zerbitzua emateaz gain, erreportajeak, estudioa, publizitatea, argazkigintza industriala… Bost urtetan denetatik egiteko prestatu nintzen. 15 urte egin genituen Korreo kaleko dendan eta gero Azkoitia plazara pasatu ginen. Espazioak aukera handiagoak ematen zituen. Albumak eta papergintzan behar batzuk zeudela ikusita, Mitxoleta lerroa atera nuen emaztearekin batera. Produktu bakarra zen eta estatuko argazkilari guztiei saltzen genien. Album digitalak egiten aitzindariak izan ginen. Kamara digitalak hasi zirenerako 7-10 urteko abantaila geneukan, ordenagailuarekin lan eginez. Estatu mailako argazkilari oso on batzuk galduta ibili ziren.

Zergatik aldatu zinen Apatta Errekara?

Albumen mundua lauzpabost urtetan desagertuko zela pentsatu nuen eta halaxe izan da. Euskarri zurrunetan inprimatzeko makina ekarri genuen eta espazio zabalagoa behar genuen. Dekorazio eta arkitektura munduan sartu ginen Artpanel lerroarekin. Diru inbertsio handia egin genuen. Azoketara joan ginen eta sariak irabazi genituen, baina merkatuak gauza gero eta teknikoagoak eskatzen zituen eta arrisku handia zegoen etorkizunera begira, inbertsio handiak egin behar zirelako epe motzean. Gure arte irizpidetik ihes egiten zuen negozioa zen. Errentagarria izan arren, uztea erabaki nuen. Orain beste gauza batzuetan ari naiz, enpresa munduan.

Aipatutakoez aparte, beti aritu zara argitalpen munduan.

Bai, herri honi ekarpena egiteko asmoz hasi ginen. 1993an atera nuen lehen liburua: Erretratuak, Joseba Salbadorren testuekin, Tolosako pertsonaiei buruz. Inguruko hainbat gai jorratu ditut: Tolosa CFren 75. urteurrena, Matxin Labaien margolaria (Bi egun, bizitza bat), Ander Letamendiaren El pelotari y sus manos, 2001eko Inauterietako argazkiak, Araitzeko Joxemari artzainaren Eguzkiaren itzala, Malloen argia, Ogi berri. Azaletik mamira. 80 años de buen gusto por el pan Joxe Mari Oterminekin, aurten Juan Lope eskulturagilearena…

Eta eskualdetik kanpora ere zenbait liburu badituzu.

Foru Aldundiaren Bertan bilduman euskal kortsario eta piratei buruzkoa, Zarautzeko pertsonaiei buruzkoa, kofradiak eta bere errezetak, Harria 100 harri-jasotzaileei buruz, Antonio Oteiza eskulturagilea, Josune Bereziartu eskalatzailea…

Liburuez gain, zertan azaldu dira zure argazkiak?

Juan Gorriti eskulturagilearen katalogoetan, Mikel Laboa, Xabier Lete eta Et Incarnatus orkestraren diskoetan, Jorge Oteizaren liburuan, Aralarte aldizkarian… Eta diseinua ere egin dut udaletxeko Eguberri oparietan, Espacio Empresa aldizkarian, Sanjuanetako estropaden liburuan, bertsolarien karteletan, Zizurkilgo Baserriko argia liburuan, hainbat foileto, Ikertzeren erakusketa garrantzitsu batean Madrilen maila handiko artistekin…

Aurten beste pauso bat eman eta argitaletxea sortu duzu.

Bai, Xibarit du izena. Orain arte modu partikularrean argitaratu izan dut. Juan Loperen liburua izan da lehena eta Patxi Astibiarena bigarrena. Eta beste batzuk martxan ditut.

Nola sortu zen Astibiaren liburua egiteko asmoa?

Herri kirolarien karrera bukatzen denean bere ospea itzaltzen doala ikusten nuen, ia desagertu arte. Omenaldi gisa Jentilak deitu dudan bilduma egitea bururatu zitzaidan, naturan sustraituta dauden pertsonai nobleak bilduz. Herri kirolen federazioekin hitz egin eta ideia gustatu zitzaien, eskutik joanez. Patxi Astibia aizkolari leitzarrarekin hasi gara zaharrena delako. Gozamena izan da berarekin lan egitea. Arria II.a eta Mindegia aizkolarien liburuak ere martxan daude eta laster kaleratuko dira, Iñigo Goñi kazetariaren testuekin, kirol hauetan aditua. Beste herri kirolari batzuekin osatzeko asmoa daukagu.

Nolako ezaugarriak dituzte zure liburuek?

Argazkilaria naiz, iruditik abiatzen naiz eta hortik diseinatzen dut. Oso liburu bisualak dira, eta pertsonalak, bakarrak. Irudiari garrantzi handia ematen diot, testuarekin orekatuz. Inprimategiaz eta koadernatzeaz ere arduratzen naiz, merkatua eta profesionalak ezagutzen ditudalako. Lana erosoa egiten zait, menderatzen dudalako. Autore lanak dira, neurri handi eta ukitu dotorearekin. Edizio txiki eta zenbatuak egiten ditut. Inpresio digitala erabiltzen dut. Oso kalitate ona ematen du. Papera eta azaleko materiala ere bereziki aukeratzen ditu, koloreetan kalitaterik onena lortzeko.

Eta aurrera begira, zein proiektu dituzu esku artean?

Aipatutako Jentilak bildumaz gain, Tolosako denda zaharrena eta Elosegi txapel fabrikari buruzko liburuak azken fasean daude. Baratzeko garaiko produktuei buruzkoa, Aralarren txabola duten Araitz bailarako artzainena, Araitz bailarako sorginena, Martina eta Jon artzain gazteena… Proiektuak ez zaizkit falta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!