Sentsibilizatu eta ekin beharraz

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko aza. 17a, 07:25

Tolosaldea eta Goierriko pertsona gorren Gainditzen elkarteak Sentsibilizazio Astea antolatu du hamalaugarrenez

«Euskaraz dakiten zeinu hizkuntzako interpreteak behar ditugu». Mezu argia bota zuen Gainditzen Tolosaldeko eta Goierriko pertsona gorren elkarteko lehendakariak, Gor Komunitatearen XIV. Sentsibilizazio Astearen aurkezpenean.


Julian Rodriguezek gaineratu zuen Euskal Herrian zeinu hizkuntzako interpreteek bizi duten egoera «nahiko txarra» dela, euskaraz dakiten interpreteak oso gutxi direlako. «Euskaraz dakitenak kanpora joan dira lanera edo beste arlo batzutan ari dira eta ondorioz, gabezia handia dugu», salatu zuen. Arazoa duela hiru urte sortu zela gogoratu zuen; «Zeinu Hizkuntzaren Goi Mailako Interpretazio Zikloa desagertu egin da eta Madrilgo unibertsitate pribatu bateko unibertsitate gradua dago indarrean orain, horrek euskarazko interpreteak egotea galarazten du, eta ez da ahaztu behar, gainera, unibertsitatea pribatua dela», esan zuen. Egoera horren aurrean Eusko Jaurlaritzari egin zion dei, «Jaurlaritzak eta gainontzeko erakundeek arazoa konpondu beharko lukete hemengo unibertsitateren batean zeinu hizkuntzaren gradua sartuz».

Horrekin batera pertsona gorrek lan merkatuan dituzten arazoen berri ere eman zuen Rodriguezek. «Pertsona gorrek beste edozein pertsonak bezala egin dezakete lan, baina moldaketak egin behar dira, enpresari batek ikusten badu diru gehiago gastatu behar duela pertsona gor bat kontratatzeko, zenbait gauza moldatu behar dituelako, ez du kontratatuko, eta egoera horri buelta emateko erakundeen laguntza behar da», esan zuen.

Julian Rodriguezek Gainditzenek urtero antolatzen duen Sentsibilizazio Astearen barruan egin zituen eskaerak, hain zuzen. Gaur eta bihar izango dira ekitaldiak, baina astelehena bitarte pertsona gorrek komunikatzeko gainditu behar dituzten langak irudikatzen dituzten lanak ere ikusi daitezke Tolosako hainbat erakusleihotan, Sentsibilizazio Astearen barruan.

 

XIV. SENTSIBILIZAZIO ASTEA

GAUR, AZAROAK 17

17:30. Eskualdeko hainbat eskoletako haurrek pertsona gorrek gainditu behar dituzten langen inguruan egin dituzten marrazkien erakusketa, kultur etxean. Era berean, jolasak eta ipuinak egongo dira zeinu hizkuntzan eta bukatzeko haurrek egindako marrazkien sari banaketa egingo dute.

BIHAR, AZAROAK 18

11:00. Babarrun festan zeinu hizkuntzako interpretea egongo da.

11:00. Eskulan tailerrak haur gorrentzat, Topic-en.

12:15. Santanderreko Duo Mico mimo taldearen saioa plaza Zaharrean; Donostiako Silvia Schick pertsona gorrak aurkeztuko du ekitaldia.

14:30. Babarrun bazkaria.

18:30. Gorra den Francisco Mendoza Vela psikologoak Aprender a decir no hitzaldia eskainiko du, kultur etxean. Ondoren, Aransgi elkartearen 50. urteurrena dela eta, ekitaldia egingo dute eta El grito de Madrid taldeak Los pensadores antzezlana eskainiko du, doan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!