Irene Caminos munduko hirugarren

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 14a, 19:25
Argazkia: Leo Zhukov

Munduko Trial Bike Txapelketa jokatu da Txinan; 19 urteko tolosarrak espero ez zuen emaitza lortu du.

Irene Caminosek brontzea lortu du Munduko Trial Bike Txapelketan, asteburuan, Txinan. Finala ez zuen nahi bezala hasi 19 urteko tolosarrak, akats baten ondorioz, baina aurkariak ere fin ibili ez zirenez, hirugarren postuarekin geratu zen Caminos. «Finalerdietan urduri egon arren, finala baino lehen egindako beroketan oso ondo sentitu nintzen. Ez nengoen batere urduri, eta zerbait egin nezakeela pentsatu nuen. Baina ibilbideko zatirik errazenean huts bat egin nuen, eta hor ikusi nuen oso zaila izango zela domina lortzea. Nahiz eta lehen bi sailkatuek ere huts asko egin zituzten. Are gehiago kontuan hartuta, podiumerako borrokan zeuden beste arerioak ni baino hobeak izan zirela finalerdietan. Berdinketa egonez gero, irabazi egiten zidaten», adierazi zion tolosarrak finala eta gero Berria egunkariari.

Finalean bere lana amaitu ondoren, aurkariena geratzen zen, eta ezustekoa orduan etorri zen. Hasiera batean laugarren postuan geratu zela pentsatu zuen tolosarrak, baina lortutako dominagatik taldekideak zoriontzen hasi zitzaizkion. Emaitza hori okerra zela pentsatu zuen Caminosek, eta horrela adierazi zien taldekideei, baina Berria-ri esan zion bezala, UCIko ordezkari bat bertaratu zen sakelako telefonoa eskuan, behin betiko emaitzekin. «Sekulako bultzada izan da» lorpena Irene Caminosentzat, «motibazio ikaragarria ematen dit datorren sasoia prestatzeko. Nahiz eta badakidan hau berdintzea edo hobetzea oso zaila izango dela».

Txinako egonaldiaren ondoren, atzo iritsi zen Tolosara Irene Caminos.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!