«Feminismoak ezintasun handia du menpeko sektoreengana hurbiltzeko»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 15a, 07:46

Hitzorduz betea du agenda, bere liburua Euskal Herrian aurkezteko, eta Tolosan ere egingo du geldialdia, datorren larunbatean, 18:00etan, kultur etxean.

Haiez hitz egin beharrean, haiekin hitz egitea. Hori da Dolores Juliano (Nechocea, Argentina, 1932) antropologoak defendatzen duen ideietako bat, menpeko giza-taldeez ari denean. Tomar la palabra: mujeres, discursos y silencios (Hitza hartu: emakumeak, diskurtsoak eta isiltasunak) liburua aurkeztuko du, larunbatean, Tolosako kultur etxean, Tolosako Udaleko Berdintasun sailaren eta Tolosaldea Garatzeneko Migrazio sailaren eskutik.

Zein jatorri du liburua idazteko hausnarketak?

Urteotan guztiotan hainbat gai jorratu izan ditut eta, pixkana, konturatu naiz guztiek ardatz bera dutela. Lan egin izan dut emakume migratzaileekin, haien seme-alaben eskola-integrazioarekin, prostituzioarekin, lesbianekin, ama ezkongabeekin, emakume helduekin, kartzelan dauden emakumeen edo psikiatriko eta antzekoetan dauden emakumeekin. Sektore horiek guztiek arazo handiak dituzte beren ahotsa entzunarazteko. Gizarteak diskriminazioa eraikitzen du sektore horiekiko, eta erabakitzen du, egokiena emakume horiez hitz egitea dela, emakume horiekin hitz egin beharrean. Botereguneekiko posizio marginala dute eta, ondorioz, beren ahotsa entzunarazteko zailtasun izugarria ere bai. Liburua, beraz, ez da ikerketa zehatz baten emaitza: urte askotako lanetatik ateratako ondorioa da, ikusteko, zein den sortzen den errelatoa, eta gizarte dominatzailearen errelatoak nola tratatzen duen sektore horietako bakoitza.

Zure proposamenak zein harrera jaso izan du?

Horrelako liburuak irakurtzen dituzten pertsonak, normalean, ez dira kontserbatzaileenak izaten; jende kritikoagoa izan ohi da. Baina horrek ez du esan nahi, nire kritikaren zati bat harrera ona egiten duten horiei begirakoa ez denik. Liburuko bigarren kapituluak, adibidez, feminismoaren eta menpeko sektoreen arteko harreman zaila du hizpide. Borondate onenarekin izan arren, askotan, feminismoak ezintasun handia du menpeko sektoreengana hurbiltzeko. Esaterako, prostituzioan aritzen diren emakumeen kasuan, feminismoak gizarte zabalak egiten duen gauza berbera egiten du: beraiez hitz egin. Ez dira gehiegi kezkatzen prostituten benetako egoeraz, eta aurre egiteko arazo horiek ez dituzten sektoreen morala baliatzen dute.

Egungo feminismoari kritika egiten diozu, nolabait?

Ez. Feminismoak, existitze hutsarekin, gizarteko balioen eskala zalantzan jartzen du. Baina, aldi berean, feminismoak bere burua antolatu eta legitimatu egin behar izan du eta, hor, zailtasunak izan dituzte prestigiorik ez duten sektoreak txertatzeko. Horrela, feminismoak hainbat bide hartu ditu: isilik egon, emakume presoen kasuan, edo biktimizatu, prostituzioaren kasuan. «Horrelako gauza izugarri bat ez luke emakume bakar batek ere borondatez egingo, eta prostitutak behartuta aritzen dira», diote hainbat feministak. Bai edo ez. Ikusi egin behar da emakume bakoitzaren egoera ekonomikoa edo egoera pertsonal zehatza, eta ezin da prostituta guztien egoera arrazoi bakarrarekin azaldu. Feminismoaren lehen aldarriek eskubide zibilak eskatzen zituzten, emakumeak moralki hobeak zirelako, baina, aldarria nagusitasun moralean oinarritzen baldin badugu, ez dakigu zer egin nagusitasun morala aldarrikatu ezin dutenekin.



Emakume ona vs. emakume txarra klasikoaz ari zara?

Bai. Emakume txartzat hartu izan dituen horiek berreskuratzen saiatu da feminismoa; lesbianak, kasu. Kosta egin zaie feminismoaren barruan integratzea, izan ere, feminismoak zioen lesbianek irudi txarra sortzen zutela. Hori gaindituta dago eta, gaur egun, arazoak transexualak dira: benetako emakumeak dira edo ez? Estigmaren batekin datozen talde guztiek zailtasunak izaten dituzte. Edo, izan al daiteke musulmana eta feminista? Noski baietz, katolikoa eta feminista izan daitekeen modu berean. Fede onez arituagatik, oso erraza da norbere taldea salbatu nahi izatea, estigmatizatuago dauden taldeengandik bereiziz. Baina kritika ez doa harago, feminismoa mugimendu oso-oso garrantzitsua dela uste baitut. XX. mendea amaitutakoan, iraultza guztiek porrot egin zuten, batek izan ezik: iraultza feministak.

Zein da feminismo integratzaile horretara heltzeko bidea ?

Gizarte baztertzaile, hierarkiko eta autoritario batean bizi garen heinean, pentsaera irekikoak garela uste izanda ere, beti egingo dugu topo aurreiritzi eta ideologia zatiekin. Hori onartu behar dugu, baina bidean gara, eta gutako bakoitzak autokritika egiten badaki, hori gainditzeko. Bide errazena utzi behar dugu, konpromisorik hartu nahi ez dutenen aterpe onena delako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!