Gipuzkoako Foru Aldundiak TEE omendu du haren 50. urteurrenean

Ataria 2017ko azaroaren 11

Irudia: www.gipuzkoa.eus

Gipuzkoako Foru Aldundiak omenaldia egin dio Tolosako Ekinbide Etxeari; Denis Itxasok azpimarratu du "50 urte horietan Tolosa jarduera-gune bihurtu duela, euskal kultura eta herriaren izena luze-zabalean proiektatzeko".

Tolosako Ekinbide Etxearen jarduera eta ahaleginak azpimarratu ditu Denis Itxasok: "50 urtean zehar, interesez eta gartsu, inguruko guztiak kutsatzeko gai izan da. Tolosar ugarirekin lankidetzan aritu da kulturarekin, turismoarekin, herri-tradizioekin edo jai-jarduerarekin lotutako bere programak eta ekimenak aurrera eramateko", azaldu du Itxasok.

Bost hamarkada hauetako lana aitortzeko, Itxasok Gipuzkoako ereserkiaren partitura bat oparitu dio TEEri. Olatz Peon Tolosako alkatea eta Marisol Garmendia diputatua ere ekitaldian izan dira, eta Gipuzkoako zenbait abesbatzek kontzertu txiki bat ere eskaini dute ekitaldia amaitzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!