Herrigintzatik eta euskaratik, zubigintzara

Ataria 2017ko azaroaren 11

Errigora ekimenaren berri emateko karpa ibiltaria jarri dute gaur Tolosako Trianguloan, herritarrei egitasmoaren berri emateko.

Errigora ekimenaren saskiak eskatzeko epea amaitzear da, eta egitasmoaren berri emateko karpa jarri dute gaur Tolosako Trianguloan. "Errigorak aurten salmentan jarri dituen produktuak ezagutarazteko etorri gara; herritarrei eskuorriak banatu eta erronka horren berri ematea da helburua", azaldu dute Iñigo Telleria eta Anaje Urkola egitasmoko kideek.

Telleriak azaldu duenez, "ekimenak auzolana du oinarri eta Euskal Herri osora hedatuta dago. Nafar hegoaldeko euskararen eta ekoizleen egoera hobetzea da bere helburua, eta oso garrantzitsua da auzolanaren ideia", azaldu du Telleriak.

Zubigintzaren ideia ere azpimarratu dute Telleriak eta Urkolak: "Gipuzkoako, Bizkaiko edo Erriberako errealitate linguistikoa oso ezberdinak dira, eta herrien artean zubiak eraikitzea eta harremanak sortzea ere garrantzitsua da", azpimarratu dute.

Azaroaren 14a da saskiak eskatzeko epea; Tolosan, Laskorain Ikastolan, Samaniego-Orixen, Inmakulada ikastolan, Galtzaundin, Aitzol Udal euskaltegian, Lizardin eta udaletxean eska daitezke, eta baita Errigoraren webgunean ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!