Norbere kontraesanetara bidaia

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 10a, 15:39

Miren Guillók Festa, genero-harremanak eta feminismoa liburua aurkeztu du Tolosan, Berdintasun sailak antolatuta.

Konplexua da festak aztertzea. Hala baieztatu zuen, atzo, Miren Guillók, Tolosako kultur etxean egindako liburu aurkezpenean. Festak, genero-harremanak eta feminismoa argitalpena koordinatu du, eta 30 norbanako eta 15 eragile baino gehiagoren ekarpenekin mamitu du gaia, ikuspegi teoriko nahiz pertsonalagoetatik. Tolosako jabetze eskolan aurkeztu zuen, atzo, Maria Ajuria Farapiko kidearekin eta Olatz Artola moderatzailearekin batera.

UEUko ikastaro batetik sortutako proiektua gorpuztu du liburuak, eta "festaren testuinguru zabal bati" heltzeko nahia iparrorratz izan du, Guillók, bidean. Horrela, zenbait galdera proposatuz ekin zion aurkezpenari: "Zer da festa? Festa gauza asko dira, eta festaren definizioa konplexuago egin behar dugu". Norbanakotik taldera pasatzeko egunak, gizartearen ezaugarriak islatzen direnekoak, aldarrikapen nahiz kontraesan guneak eta poz egunak izan litezke festak, baina, aldi berean, ilusio edo irudipen hutsa direla ere ohartarazi nahi izan zuen Maria Ajuriak: "Denok ez baitugu aukerarik izaten festak gozatzeko".

Emakumeak eta festa erdigunean jarrita, indarkeriak gaia monopolizatzen du Guillóren ustez, eta errealitate hori iraultzeko saiakera da argitalpena: "Indarkeria matxistari protagonismo gutxiago emanda, posible da emakumeak eta festak erlazionatzeko modu berriak sortzea". Eta horregatik landu dute, bereziki, plazera: "Eraldaketa sozialerako tresna da".

Aurkezpenari jarraitu zion bertaratutakoen solasaldiak eta, ohitura eta tradizio tolosarrei begira, eztabaida bidaia txiki bat izan zen norbere kontraesanetara. Mahai gainean jarri baitzituzten sanjoanetako bordondantza edo eskopetariak; mahai gainean inauterietako erdigunea, txarangak edo emakumeen rola; mahai gainean, halaber, elkarte gastronomiko matxistek, oraindik ere, herriko agenda sozio-kulturalean duten pisua; mahai gainean, hain aspaldikoa ez den inauterietako erregina. Oroitzapenak batzuk, eta gaur egungo irudiak beste batzuk, inklusio eta aniztasunaren neurgailuan ere jarri zituzten, erlojuak utzi zien bitarte.

Horma: tradizio mitifikatuak

Farapi kooperatiba 2009an, hasi zen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik, jaiak generoaren ikuspegitik jorratzen. Egitasmo haren ondotik, 2012. urtean Tolosa aitzindari izan zen herriko jaien azterketa generotik garatzen, eta Farapiko kideek hainbat herritar landu dute, geroztik, proiektu bera. Festak, genero-harremanak eta feminismoa liburuan atal bat mamitu du Farapik, eta Maria Ajuria kideak beren bizipenen berri eman zuen, atzo, kultur etxean.

Plazeraren bila joateko urratu beharreko bidean, oztoporik handietan tradizioena dela uste du: "Pisu handia du tradizioak, eta badirudi ezin dela aldatu. Gainera, hori areagotu egiten da emakumeek parte hartzen duten jardueretan". Modu horretan, tradizio asko mito bilakatzen dira, eta horri klasearen irizpidea ere gehitzen zaio.

Kasuan kasuko egoera eta errealitatea desberdina izaki, Ajuriak argi azaldu zuen herri festa guztietarako balio duen formula magikotik ez dela. Hala ere, "zerbait aldatzen ari da" bere ustez: "Garrantzitsua da gauza berriak antolatzea, normalean irizpide berriekin antolatzen direlako, eta berdinzaleagoak izan ohi direlako. Hala ere, oro har, hausnarketa kritikorako esparru gutxi daude aztertu ditugun festetan". 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!