Bizikidetzaz hausnartzeko proiektua

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 9a, 18:26

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Borobilean izeneko proiektua aurkeztu dute gaur goizean Bonberenean; lau kartoizko liburuxka, plaza ipuina, emanaldia eta diskoa kaleratu dituzte "Nork agintzen du?" galderari erantzun eta bizikidetzaz hausnartzeko.

Nork agintzen du kuadrillan? Kalean? Eskolan? Eta etxean? Galdera horiez hausnartzeko sortu dute Borobilean proiektua Pirritx, Porrotx eta Marimototxek. "Borobilean izenak ezinhobe adierazten du proiektu horren esanahia. Jarrera bat da, bizikidetzan beharrezkoak diren hartu-emanak aurrera eramateko modua. Borobilean eseri eta elkarren iritziak entzutea da, eta txikienei hori ezagutarazteko liburuxkak dira", definitu du Antxine Mendizabal Elkar argitaletxeko editoreak.  

Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak idatzi ditu ipuinak eta Julen Tokerok egin ditu marrazkiak: "Bizikidetzan sortzen zaizkigun arazo eta gatazken inguruko ipuinak dira, botere harremanei buruz hitz egiten dutenak", azaldu du Alberdik.

"Detaile txikien bidez botere harremanak erakusten saiatu naiz", adierazi du. Alberdik azpimarratu duenez, askotan ez da erraza izaten harreman berdinzaleak mantentzea: "Umorearen bidez eta haurrek ulertzeko moduan eszena horiek irudikatu ditut lau liburuxken bidez. Ipuin guztiak borobilean eserita amaitzen dira; modu horretan, azaltzen dute adostasunak bilatzea ez dela erraza, baina ahalegina egiteak berak merezi duela".

Julen Tokerok egin ditu marrazkiak eta benetan pozik agertu da proiektuaren emaitzarekin: "Uxueren testuekin lan egitea oso erraza. Lan borobila atera da, eta ea gustatzen zaizuen".

Kartoizko lau liburuxka horiez gain, plaza-ipuinak izeneko ipuina ere sortu dute haur zaharragoentzat. Beste lau istorio horiek biltzen dituen ipuin bat da, eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek sortu duten ikuskizun berria du oinarri.

12 abestiz osatutako diskoa

Liburuez gain, 12 abestiz osatutako diskoa ere kaleratu dute. "Uxuek esan duen moduan, munduan gertatzen ari diren injustizia horiei begira jarri (okupazioak, errefuxiatuen egoera, gatazkak, menpekotasun harremanak, borrokak...) gara etxetik, etxean sortzen ditugulako pertsona askeak edo menpekoak. Etxetik, herritik, eskolatik edota lagunartetik jarri gara mundura begira".

Disko hori burutzeko Karlos Osinaga "Txap" eta Joseba Ponce izan dituzte bidelagun. Duela urtebete sortu zen proiektuaren ideia: "Joseba eta biok hainbatetan bildu gara abestiak konposatzeko, eta goian –Bonberenean– dagoen estudioan egin dugu lan. Nahi genuena baino prozesu luzeagoa izan da, baina oso polita izan da ibilbidea", adierazi du Osinagak.

Pirritx pailazoak hartu dio hitza. Uxuek landutako gaiari tiraka, abestiak sortzeko sormen tailerra egin zuten eta Unai Muñoaren eta Ane Labakaren laguntza ere izan dute prozesuan. "Oso esperientzia polita izan da; gure kezkak, ezinegonak eta nahiak hitz egin ditugu denon artean; borobila geratu zaigu", azaldu du.

Aipatutakoez gain, Bonbereneako hainbat kidek ere hartu dute parte diskoan: Ander Altuna, Jon Urbizu, Mikel Zelaiak eta Joseba Aseginolazak. Gorka Sesma, Jonbe Martinez eta Jonan Ordorika ere izan dira, besteak beste.

Porrotxek azpimarratu duenez, "motxiladun" haurrei eskainitako abesti bat ere egin dute: "Astebururo-astebururo, beren senideak ikusteko milaka eta milaka kilometro egin behar dituztenei". Abesti horren hitzak Miren Amurizak egin ditu, eta haur horiek ere hartu dute parte abesti horren grabaketan.

Proiektu osoa taula gainera

Proiektu osoa biribiltzen duen ikuskizuna ere prestatu dute, eta Katxiporreta taldeko kide dantzari eta aktoreekin batera taularatuko dute. "Gatazka txiki hauek taularatuko ditugu eta Maribel andereñoarekin, Jeronimorekin, Izarrekin egongo gara borobilean, etxean, eskolan, parkean, kalean....", azaldu du Marimototsek.

Gaur arratsaldean egin dute aurrestereinaldia Tolosako Bonberenean, eta Euskal Herriko hainbat herritan aurkeztuko dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!