2018an San Esteban auzoa eraberritzea proposatu du EH Bilduk

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 9a, 15:53

Aurrekontuak osatzear direla, oposizioak premiazko behartzat jo du auzoaren beharrei erantzutea; "pozik" azaldu dira, udal gobernuak hasierako asmoak eten eta San Esteban eraberritzeko azterketa bat egin nahi duelako.

Luzea da Tolosako Plan Orokorrak sortutako eztabaidaren soka, batez ere, San Esteban auzoko esku-hartzeei dagokienez. Tolosako azken zabalgunea da eta, horrenbestez, lursail horiek iritzi eta proiektu desberdinetarako ideiak piztu izan dituzte udalean. Ordea, plan orokorraren aldaketa geldirik dago azken hilabeteotan, eta EAJ-PSE udal gobernuak jakinarazi du, azterketa bat abiaraziko dutela auzoaren biziberritzea bideratzeko. Abiapuntu horri heldu, eta EH Bilduk proposamen bat plazaratu du, 2018ko aurrekontuei begira: gehiago itxaron gabe, 2018an Tolosako San Esteban auzoko eraberritze lanekin hastea, aurrekontuko inbertsio nabarmenena horretara bideratuz.

Tolosako Udalak aurten ordainduko du Elosegi parkeko desjabetzea eta, ondorioz, milioi bat euro gehiago izango du 2018ko udal aurrekontuak. Bada, EH Bilduko udal taldeak argi du, "orain" dela San Esteban auzoaren biziberritzeari heltzeko momentua: "Guztia alde dugu, adostasun politikorako jarrera dagoelako, batetik, eta baliabide ekonomikoak izango ditugulako, bestetik. San Esteban auzoak ezin du gehiago itxaron, eta gainerako tolosarrek gozatzen dituzten zerbitzu berberez gozatzeko eskubidea dute", azaldu du Inaki Irazabalbeitiak.

Oposizioko udal taldeak gogora ekarri du beren agintaldian, 2013. urtean parte hartze prozesu bat garatu baitzuten, auzotarrekin eta auzoko eragileekin. Lore Agirrek eta Inaki Irazabalbeitiak azpimarratu dute, bilkura haietan lau oinarri zehaztu zituztela, etorkizuneko proiektuei heltzeko: "Auzoaren izaera errespetatzea, berdeguneak eta lasaitasuna mantenduz; jarduera ekonomiko garbiak sustatzea, kultur jarduerak lehenetsiz; jada martxan dauden guneak –Ferialekua, Box.A, Bonberenea nahiz euskarazko komunikabideak– mantentzea; eta, azkenik, auzoaren eta bizilagunen beharrei erantzutea".

"Zenbakien talka"

Aurreko agintaldiko iritzi bilketa horrek ez zuen aurrera egin, udalbatzak ez baitzuen adostasunik lortu: "Zenbaki-talka izan genuen EAJrekin eta PSE-EErekin", azaldu du Lore Agirrek.

izan ere, 2009. urteaz geroztik aurreikusita zegoen San Estebanen 1.100 etxebizitza eraikitzea, eta ika-mika handiak sortu zituen eraikin-kopuruak. 2015ean, ordea, udal gobernuak zifra 700 era jaitsi zuen: "Gure ustez zenbaki hori ere altuegia da, bai San Estebanerako, bai Tolosarako; badira bestelako etxebizitza-politikak", azaldu dute EH Bilduko zinegotziek.

Orain, udal gobernua auzo horretan egitekoa den azterketa begi onez ikusi du EH Bilduk, agerraldian azpimarratu dutenez: "Benetako beharren gainean plana berriz erredaktatzeko asmoa zoriontzekoa da gure ustez".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!