Behobia-Donostia, lehen aldiz

Ataria 2017ko aza. 9a, 11:47

Tren zerbitzuekin egokitzeko lasterketa herrikoiko irteerak 15 minutu atzeratu dituzte; gurpildun aulkidunak 09:45ean aterako dira, irristakakoak 09:50ean eta lehen korrikalariak 10:15ean.

Igandean 31.000 parte hartzaile espero dituzte Behobia-Donostian. 31.000 aurpegi. Horietatik bi Tolosakoak izango dira: Unai Altuna eta Aitzol Mendizabal. Lehena saskibaloi jokalaria da; bigarrena futbolean aritzen da.

Aurtengoa izango dute lehen aldia, orain arte ezin zutelako parte hartu. Ez da izan gogo faltagatik, adinagatik baizik. Altuna eta Mendizabal 2001ean jaioak dira, 16 urte dituzte, beraz. Muga hortxe jarria du lasterketa herrikoiaren antolakuntzak. «Iaz gure lagun batek egin zuen, zaharragoa zenak. Aita ikustera ere joan izan naiz, eta korri egiteko gogoa sartzen zaizu han begira zaudela. Aurten, 16 urterekin, 20 kilometroak egiteko gaitasuna ikusten diodanez nire buruari, animatu egin naiz. Aitzoli ea nirekin egin nahi zuen galdetu nion, eta baietz esan zidanez, biok egingo dugu», dio Unai Altunak.


Aitzol Mendizabalek hasieran ezetz erantzun zion, baina ondoren baietz. «Futbolarekin nahikoa ez al duzu?», entzunagatik larunbatean korrika ibiltzeko prest dago Mendizabal: «Ekainean esan zidan Unaik, eta orduan hasi ginen prestatzen. 20 kilometroko lasterketarik ez dut egin, baina bai 8 kilometroko krosa. Ondo sentitu nintzen». Prestaketa lana Unai Altunaren aitaren gidaritzapean egin dute: «Berazubin, astean behin, lasterketa erritmoa lantzen aritu gara. Gero, aldapak landu ditugu, pixka bat indartzeko». Horri saskibaloi eta futbol entrenamenduak gehitu behar zaizkio. Azkenean, asteko bost egunetan orduak sartu dituzte, eta noski, asteburuetako partidak ere hor daude.


Fisikoki ondo daude, eta 16 urterekin hobeto. Horregatik, helburua jartzerako garaian ausart hitz egiten dute: «Proba gogorra dela badakigu, aldapa horiek min egiten dutelako. Prestatuta ikusten gara, ordea, eta ordubete eta 30 minutu inguru horretan ibiltzea izango da helburua. Erritmoa markatuta joango gara, eta posible ikusten dugu denbora hori».


Irteera 16. multzoan hartuko dute. Lehen urtea izanik ohikoa da azkenekoekin ateratzea. Guztira 18 multzo izango dira igandean. «Hasieran erritmoa hartzea ez da erraza izango, jende asko egongo delako. Jendeari aurrea hartu eta gure lekua bilatzen saiatuko gara, gure neurrian korri egiteko», dio Altunak. Biek argi dutena zera da; lasterketa elkarrekin egin nahi dutela. «Elkarrekin hasiko gara eta horrela bukatu nahi dugu. Lasterketa hasi eta ez da bakoitza bere aldetik joango. Elkarrekin prestatu dugu eta elkarrekin egin nahi dugu».


Parte hartzaile guztiak bezala, azken egun hauetan eguraldiari begira daude bi tolosar gazteak: «Iaz bero handiegia zegoen, eta aurten ez da horrelakorik izango. Eguraldi freskoa izango dela dirudi, eta hori, korri egiteko guretzat egokiagoa da. Ea ez duen euririk egiten».


Behobia Donostiaren inguruko ezagutza lasterketaren giro berezi horretan oinarritzen da. Ikusle bezala edo bertan parte hartu dutenen lagun izanik, ongi dakite biek egun berezia izango dela igandekoa: «Ibilbide guztian jendea animatzen egoten da. Hori bizitzea polita izango da. Ikusle bezala zaudenean barrura sartzeko gogoa izaten duzu. Ospe handiko lasterketa da, orain arteko sentitutako inbidia edo tentsio hori barrutik biziko dugu aurten».


Unai Altunaren kasuan, aitaren lekukoa hartuko du aurtengoa: «Aita urtero ateratzen zen, baina aurten lesioagatik ezingo du parte hartu. Bere lekukoa hartuko dut, bai, baina ez dut uste bere marka hobetuko dudanik». Lehen urtea izateko amaitzearekin gustura geratzeko moduan dira biak, Altunaren 1:14 hori iritsiko da aurrerago. Izan ere, «gustatzen baldin bazaigu eta sentsazio onekin amaitzen baldin badugu, hurrengo urtean ere parte hartzen jarraitu beharko dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!