«Gizarte indibidualistak amatasuna bakardadean bizitzera bultzatzen gaitu»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 9a, 07:31

Emakume taldeekin lanean hasi zen, eta hango hizketaldiek ama talde bat sortzeko giltza eskaini diote; amatasuna bizitzeko egon litezkeen modu guztiak zilegitzat joz, psikologoak uste du amek senari jarraitzen berrikasi behar dutela.

Amatasunaz eta amatasunetik aritzeko espazio berri bat sortu da Tolosan, Joana Aguadoren (Tolosa, 1981) eskutik. Psikologoa da, eta Lasai psikoterapia zentroan arduradunetako bat da. Bertan antolatu izan dituen emakume taldeetan sortu zitzaion amei begirako egitasmo hau martxan jartzeko ideia.

Psikoterapia eta meditazioa lantzen dituzue. Bikote ona osatzen al dute bi diziplinek?

Bai, oso osagarriak dira. Psikoterapiaren helburua, berez, zoriontasuna lortzeko ditugun oztopoak gainditzea da; jabetzea eta kontu-hartzea lantzen ditugu, meditazio terapeutikoan bezalaxe.

Oro har, jendeak zergatik jotzen du zuengana?

Esango nuke, zorionez, tabu asko puskatu ditugula, eta gizartea konturatu dela, psikoterapia bat hasteko ez dela psikopatologia bat izan behar. Bizitzan denok izaten ditugu arazoak eta, momentu jakin batean, guztioi datorkigu ondo laguntza: krisi garai bat, momentu txar bat edo, besterik gabe, garapen pertsonalean sakontzeko gogoa. Horrela, banaketak, doluak, antsietatea, estresa nahiz autoestimu arazoak izan ohi dira hona bertaratzeko arrazoi nagusiak.

Psikologoa zara ikasketaz. Zergatik erabaki zenuen bide hori hartzea?

Beti gustuko izan dut jendearen historiak entzutea, eta intimitate horretan beti sentitu izan naiz eroso. Mundu horrek interesa pizten zidan, baina, egia esan, hautua ez zen erabat kontzientea izan; behin bide horretan sartu eta autoezagutza prozesu bati ekin nionean, ikusi nuen hori zela nik nahi nuena.

Ama talde bat sortzear zara. Nolatan?

Kontsultan urteak daramatzat emakume taldeekin lanean. Konfiantza eta babes giroa sortzen saiatzen gara, eta emakumeon garapen pertsonala eta emakume izateko moduak lantzen ditugu, barruak hustuz, gainerakoak ulertuz eta norbera elikatuz. Denborarekin, konturatu nintzen talde horietan parte hartzen zuten amek antzeko beharrak zituztela; amatasunak pizten zizkien sentimendu eta buruhauste horiek beste ama batzuekin partekatzea behar zuten. Gero ama izan nintzen, eta behar horiek argiago ikusi nituen, beraz, ama talde bat osatzeko ideiarekin lankideengana eta beste profesional batzuengana jo nuen. Gero eta ama talde gehiago sortzen ari dira, eta oso emaitza onak ematen dituzte, beraz, argi ikusi nuen: ama talde bat Tolosan.

Zergatik ama taldea eta ez guraso taldea?

Kontuan hartu behar dira amak jasaten dituen aldaketa guztiak: haurdunaldia, erditzea, edoskitzea, aldaketa fisikoak, hormonalak, emozionalak, psikologikoak, profesionalak, harremanei dagozkienak,... Lehenengo lotura hori, gainera, amaren eta haurraren artekoa izaten da. Askotan, ama izaten da gutxien zaintzen dena, baina zaintzeko behar gehien duena. Dena den, esan beharra daukat guraso taldeak oso interesgarriak iruditzen zaizkidala, noski, eta baita aita taldeak ere; oso beharrezkoak dira. Badira aita taldeak, eta oso interesgarria litzateke Tolosan aita talde bat sortzea.

Harrera ona izan du zure deialdiak?

Bai, harrera ona izan du. Edoskitze taldeak, guraso taldeak eta guraso eskolak badira hemen, baina ez dago amentzako espaziorik; zerbait berria da. Horrela, jendeari oso ideia ona iruditu zaio, eta badirudi interesa piztu duela.

Zein behar dituzte 2017. urteko amek?

Gaur egungo gizarte indibidualistak amatasuna bakardadean bizitzera bultzatzen gaitu askotan. Horregatik, ama askok beharra sentitzen dute beren bizipenak beste ama batzuekin partekatzeko. Izan ere, amatasunaren eta hezkuntzaren inguruan dagoen informazio guztia kontuan hartuz gero, segurtasun falta ere areagotu egiten da. Askotan, liburuek diotena alde batera utzi, eta amaren barruko ahotsari indar handiagoa ematea da bidea. Gizarteak urrundu egin gaitu gure senagandik, eta amatasuna sena da.

Gehiegi teorizatzen al da amatasunari buruz?

Egia da teoria oso onak daudela, eta baita liburu zoragarriak ere. Baina, kontua da milaka teoria eta liburu daudela, zer egin behar den eta zer egin behar ez den esanez; bukaezina da informazioa. Denok onena nahi dugu gure seme-alabentzat eta, orduan, tranpa horretan erortzen gara. Zein da teoria onena? Zeini jarraitu behar zaio? Eta, horrez gain, pediatrak, emaginak, psikologoak, amonak edo amaginarrebak esaten duena sartzen da jokoan. Barruak esaten duenarekin bat egiten duen teoria aukeratu behar da.

Amatasuna auzitan jartzen dela uste duzu?

Bai, errealitate bat da. Amatasunarekiko mundu guztiak du iritzi propio bat, eta mundu guztiak daki zer den ona edo txarra. Baina, askotan, iritzi horiek osatzerakoan, ez ditugu ikusten erabakien atzeko arrazoiak: biberoia edo bularra ematea, haurra besotan asko eta gutxi edukitzea,... Muturreko kasuak salbu, ez dago ama onik eta ama txarrik, eta ez dago amatasuna gauzatzeko modu bakar bat. Bakoitzak bere amatasunaz gozatzeko eskubide osoa du.

Nola aldatu dira amen beharrak denborarekin?

Beharrak guztiz aldatu dira, familien errealiteatea eta gizartea erabat aldatu direlako. Historikoki, hainbat belaunalditako emakumeak elkarren ondoan bizi izan dira, eta haurren hezkuntza elkarlaneko proiektu bat izan da. Gaur egun, aldiz, familiak txikiagoak dira, oro har, eta amak, aitak eta seme-alabek bakarrik osatzen dituzte familia asko. Horrek ekarri du, esaterako, familietako arazoak etxeko atetik barrura bakarrik konpontzeko joera. Hortaz, askotan, aiton-amonak, anai-arrebak edo lagunak urrun daude nolabait, eta ez fisikoki bakarrik; ama asko bakarrik senti daitezke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!