Mundua, beste zulo baten ertzean

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 8a, 07:23

Jesus Torquemada kazetaria bederatzigarrenez ari da, Tolosan, nazioarteko gaurkotasunari buruzko mintegia eskaintzen; ustez amaitutako krisi ekonomikoarekin ireki zuen egitaraua.

Europar Batasunak eta Ameriketako Estatu Batuek publikoki amaitutzat jo zuten, joan den ekaina inguruan, azken krisi ekonomikoa. Munduko ia herrialde gehienetako ekonomia, gainera, hazten ari da datuen arabera. Ordea, bada nahikoa arrazoi, pentsatzeko, mundua zulo ilun horretatik ez dela erabat atera: desberdintasun sozialak eta prekarietatea, kasu.

Jesus Torquemada kazetari donostiarrak dio krisia amaitu dela, «baina krisiaren ondorioak ez». Tolosaldea LHIIak eta Ikastn zerbitzuak antolatutako Nazioarteko Gaurkotasun Soziopolitikoari buruzko mintegia eskaintzen ari da, bederatzigarrenez, eta 2017a «trantsizio ekonomikoan» kokatu zuen, joan den astelehenean. Adituaren ustez, kapitala da arazoa, eta argi dio: batetik ia atera ez, eta posible da beste krisi bat iristear izatea.

 

GAKOAK

1. Kapitala, toxikoa. 2008ko atzeraldi ekonomikotik loratu zen, munduak izan duen krisi ekonomiko handienetako bat; 1929az geroztik, handiena. 10 urte makurren ondoren, badirudi suspertzea agerikoa dela, herrialde gehienen hazkuntza ekonomikoari begira. Jesus Torquemadaren ustez, ordea, arazoa bat eta bakarra da: kapitala. «Sekula baino diru gehiago dago, baina diru hori ez da existitzen; denok ateratzera joango bagina, ez legoke», dio. Munduko diruak bi norabide hartzen dituela dio: lana ordaintzeko baliatzen da zati bat eta, beste bat, interes, dibidendu eta abarrak ordaintzeko. Azken zati hori da handiena, eta horrek sortzen du arriskua: «Azken krisia finantzarioa izan da, eta aurrekoak produktiboak».

 

2. Burbuila edo astoen parabola. Wall Street New Yorkeko burtsa etengabe igotzen ari da, 2009. urteaz geroztik. Hain justu gauza bera gertatu zen 2006 eta 2007 inguruan, krisia bete-betean lehertu aurretik. Horrela, igoera horri kezkaz begiratzen dio Torquemadak. Gainera, urte du beste burbuila ekonomiko baten atarian egon daitekeela mundua: «Gauzen balioaren eta prezioaren arteko lotura erabat deskontrolatzen da». Kazetariak, gainera, Astoen parabola baliatu nahi izan zuen, burbuila bat nola sortzen den azaltzeko: «Pertsona bat herri txiki batera iristen da, 100 euroren truke asto bat erosi nahi duela esanez. Erosi egiten du, eta aurreratu, hurrengo egunean itzuliko dela, beste bi astoren bila, bakoitzagatik 150 euro ordaintzeko prest. Datozen egunetan gauza bera egiten du, eta 300 ordaintzen du asto bakoitzagatik. Baina, iristen da herritarrak astorik gabe geratzen diren momentua, eta esaten die, astoak lortzeko, 500 euro ordaintzeko prest dagoela. Herritarrek ez dakite zer egin, astorik ezin dutelako egun batetik bestera lortu. Ordea, hurrengo egunean beste pertsona bat iristen da herrira aurrekoaren laguna, astoak 400 euroan salgai dituela esanez. Herritarrek astoak erosi nahi dituzte, baina, aurretik salduz gehien irabazi dutenek ere 300 euro, ez dute behar adina diru. Horrela, herritarrek udalari laguntza maileguak eskatzen diote astoak 400 euroan erosteko, eta 500 euroan saltzeko itxaropenez. Udala aurrekonturik gabe geratzen da herritarrei lagundu nahian, baina guztiek astoak saltzeko itxaropena dute. Baina asto bakoitzagatik 500 euro ordaintzeko prest zegoen pertsona, ez da sekula gehiago herri horretara bertaratuko; herritarrak zorretan geratuko dira udalarekin, eta udala dirurik gabe»

 

3. Hazi bai, baina, behar adina? Munduko ia ekonomia guztiak hazten ari dira eta, 2018an, orobat, %3,6 egingo du gora, munduko Barne Produktu Gordinak. 2016an nabarmenenak AEB (%2,5), Txina (%6,7) edo India (%7,1) lirateke, eta baita Afrikako herrialde ia guztiak ere. Afrikan, ordea, arazo demografikoak gainditu egiten du hazkunde ekonomikoa eta, beraz, ez da nahikoa: 20 urte azpiko 400 milioi herritar daude. Hain justu demografiaren bidetik uler daiteke, krisi berri baten balizko piztea: «1.500 milioi pertsona jaioko dira datozen urteetan. Horrela, 1957an 4.000 milioi biztanle zirenak, 2017an 7.000 milioi dira, eta 30 urte barru 9.000 milioi biztanle izango ditu munduak».

 

4. Arkitektura kontuak. Torquemadaren arabera, krisia AEBek eragin zuten, baina arkitektura europarrak ere zerikusi handia izan du: desoreka komertzial handiak daude, Alemaniaren eta gainerako estatuen artean. Izan ere, Alemaniak erosi baino gehiago saltzen du eta, horrenbestez, Europako ia estatu guztiek defizita dute Alemaniarekiko. Bat baino gehiago dira lehiakortasun krisi hori konpontzeko bideak, baina EBeko kide izateak edo eurogunean egoteak mugak jartzen dizkie estatuei. Horrela, Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak hartu du neurri garrantzitsuena: interes tipoak %0ra jaistea, egoera okerrenean zeuden estatuei zorrak erosiz, eta arrisku primak geldiaraziz, ekonomia mugitzeko helburuz. Horren harira, bankuen erreskatea ere hizpide izan zuen Jesus Torquemadak, nabarmenduz, EBk 608.000 milioi euro baliatu dituela, diru publikotik, erreskateetarako: «Orain EB zorrotzagoa da bankuekin, eta diru hori guztia bezeroak erreskatatzeko darabilte, akziodunak erreskatatu beharrean. Lehen kasuetako bat da Banco Popular-ena».

 

5. Hego Euskal Herrian, gehiago gutxiagorekin. Espainiako langabezia %15ekoa da gaur egun eta, azken urteotako datu onena den arren, handia da erkidegoen arteko arrakala. Horrela, Hego Euskal Herriko datuak baikorrak dira: EAEn %11koda da datua, eta Nafarroan %10ekoa. Aldiz, %25eko langabezia dute, adibidez, Andaluzian. Hego Euskal Herriko ekonomiaren osasun ona industria-jardueraren ondorio da, bai baitira, beren esparruan, nazioartean lehen postuan dauden enpresak. Hala ere, Torquemadak mahai gainean jarri zuen, arazoetan arazoena izan litekeena: egungo ekoizpena 2008koa baino handiagoa da, 64.000 langile gutxiagorekin.

 

6. Paradisua Panaman? Panamako paperak lehenengo, eta Paradisuko paperak gero. Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Kontsortzioak (ICIJ) argitara atera ditu, azken hilabeteetan, paradisu fiskalen inguruko 13,4 milioi dokumentu. Jurgen Mossack eta Ramon Fonseca dira ideologoak, eta funtsa bakarra da: zergarik ordaindu gabe dirua aurreztea, datu fiskalak publiko ez diren herrialdeetan. 6,6 bilioi euro opako daude, munduko paradisu fiskaletan barrena; urtero 350.000 euro gutxiago biltzea dakar horrek. Paradisu horietako gehienak Britainia Handiaren kolonia ohiak dira Commonwealth-eko kide, eta Torquemadaren iritziz hor dago tranpetako bat: «Dirua ez dago Atlantikoko irla txiki horietan, dirua Zelanda Berrian dago; alegia, Londresen». Norbanakoekin batera, Nike, Apple, Facebook eta Twitter multinazionalek kontuak dituzte paradisu fiskal horietan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!