Hasi da Tolosa berdez izozteko atzera kontua

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 6a, 16:32

Tolosanklisk lehiaketako sari banaketa izan da, eguerdian, udaletxean; hurrengo urteko egutegia jantziko duten argazkietarako gaia ere aurreratu dute.

Duela zenbait aste iragarri zuten irabazlearen izena, eta gaur 12 hilabeteetako argazkien egileak ere saritu ditu udalak. Horrela, Jose Angel Artutxa irabazlearekin batera –Idiakez jauregia lanarekin boto gehien jaso zituen–, sari banaketan izan dira gainerako irabazleak ere. Nuria Carbonell kultura zinegotziak parte hartzea nabarmendu nahi izan du, zenbakitan, guztira 277 argazki jaso dituztela azalduz, eta hurrengo urteko gaia ere aurreratu du: Tolosa berdez izango da, kamera hartu eta denbora izoztera doazenen irizpide bakarra.

Horren aurretik, ordea, 208ko egutegiak banatuko ditu udalak, datorren azaroaren 8tik 10era bitarte; Zerkausian mahaitxo bat jarriko dute, 09:00etatik 12:30era bitarte. Hilaren 13tik aurrera, berriz, kultur etxean bertan eskuragarri izango dira egutegi tolosarrak. Guztira 6.500 horma-egutegi, 200 egutegi handi eta 2.000 eskuko egutegi argitaratu dituzte, eta eskola guztietara nahiz Tolosako landa auzoetara bidalketa berezia egingo du Tolosako Udalak.

Egutegi horietan guztietan, lekurik bereziena hartuko du Jose Angel Artutxaren Idiakez jauregia argazkiak, eta honako egileenak izango dira, urteko hilabeteak jantziko dituzten lanak.

 

Urtarrila: Idoia Zabaleta Urkolaren Begira.

Otsaila: Idoia Zabaleta Urkolaren Leihoak.

Martxoa: Joseba Garmendiaren Jolastu nahi?.

Apirila: Iñaki Otegi Arrospideren Santa Luziko ermita.

Maiatza: Idoia Davila Uzkudunen Sputnik.

Ekaina: Juanan Lazkano Ajamilen Euskal Herria estenopeika.

Uztaila: Fermin San Sebastian Salaberriaren Eraikuntza berria.

Abuztua: Idoia Davila Uzkudunen Kaleartean.

Iraila: Aratz Elkoro Salvadorren Iurramendiko Putzua.

Urria: Elena Marquez Roperoren Bonberonea.

Azaroa: Izaro Altunaren Bi.

Abendua: Iñaki Ugartemendiaren Lehortzen.

Azkenik, aipatzekoa da argazki irabazlea aukeratzeko botoa eman zuten herritarren artean iPad mini bat zozkatu duela udalak, eta Itziar Lahidalga Ugartek irabazi duela saria; 1.033 pertsonak parte hartu zuen bozketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!