Nortasun agiri urbanoak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 6a, 07:42

Zapalduak izatera kondenatuta daude kaleak; baliteke existitzen diren zapalkuntza-eredu guztien artean, kaleena zilegi bakarra izatea. Ederragoak baitira espaloiak, zapaldutakoan; urte, euri, azoka, haize, negu, festa, zapata eta kontaezinezko historien higadura azalean daramatenean. Baina, egiari zor, inork gutxik begiratu izan die espaloien ederrari.

Inork gutxik, XX. mende hasieran modernismoak helburu artistiko bilakatu zituen arte. Horrela bakarrik uler daiteke, zenbait herriren eta haien baldosen artean zubi sinbolikoak eraiki izana. Eta Tolosa izan liteke herri horietako bat: lore-hexagono-puntutxo elementuen baturaz, tolosarrek nortasun agiri urbano bat sortu baitute, espaloi zatien gainean.

Mikel Gotzon Telleriak Enciclopedia General Básica de Tolosa (Tolosako Oinarrizko Entziklopedia Orokorra, 2011) argitalpenean azaldu zuenez, XX. mendeko lehen erdian jartzen hasi ziren, Tolosan, aipaturiko baldosa: «Kanpo-espazioetarako baliatutako baldosa era masiboan jartzen hasi ziren garai hartan, eta orduan hartu zuen Tolosana izena. Gris kolorekoa da, 20x20 zentimetrokoa, eta mortero-zementuz egindakoa da, nagusiki».

Ezaugarri teknikoenez harago, zaila da Tolosako baldosaren inguruko informazio eta datuak eskuratzea. Horrela, Tolosako Udal Artxiboko aktek eskain dezakete espaloi tolosarren inguruko xehetasunik. Guadi Larrarte artxiboko arduradunak azaldu duenez, 1930. hamarkadakoa da lehen aipamena: «Tolosako Udalak baldosak egiteko makina bat erosi zuela dio aktak. Zehazten du baldosa horiek hidraulikoak zirela; egosi beharrik ez zutela, alegia».

Ordea, lehen erosketa hura ez zitzaion, udalari, errentagarri suertatu, eta zortzi urtera beste makina bat erosi zuten: «Aktek diote lehen makina hura kalitate txarrekoa zela, baldosak nahiko kaskar egiten zituela, eta 1938an beste makina bat erosi zutela. Antza, baldosak trokelatzeko eta prentsatzeko makinak erosi zituen udalak eta, aktaren arabera, brigadako langileen ardurapean utzi zuten baldosak ekoiztea, eguraldi txarra zen egunetan. Gainera, badirudi udalak gogoz hartu zuela herriko espaloiak baldosaz hornitzearena, izan ere, 1943an beste makina bat erosi zuten».

Eraikuntzarako materialekin aritzen dira Dionisio Ormazabal enpresan eta, Iban Ormazabal arduradunaren arabera, Silvestre Balerdi hasi zen Tolosako baldosak ekoizten, Olarrain auzoan: «Aitak dioenez, Balerdi baldosa hidraulikoak egiten hasi zen, erresistenteak zirelako eta modan zeudelako, eta diseinu horrekin lanean hasi zen, udalak hala agindutakoan».

Gerora, antza, Balerdi ekoizle andoaindar batekin elkartu, eta enpresa bat sortu zuten elkarrekin; baldosaren ekoizpenak han jarraitu zuen. Gaur egun, Ormazabaltarrek Tuterako enpresa batera jotzen dute espaloitarako piezak eskuratzeko eta, Iban Ormazabalek azaldu duenez, Errioxako (Espainia) enpresa bat ere hastekoa da baldosa hidraulikoak egiten.

Tolosako Udaleko obra arduradunak, berriz, Astigarragako Harry enpresa ere aipatu du, ekoizle moduan; antza, gaur egun 20x20 zentimetroko piezak launaka egiten dituzte, espaloi berriak jarri edo zaharrak konpontzeko lanak errazte aldera.


Kaleak loretan

Kontakizunak kapitulu zenbait ditu, ekoizpenari dagokionez, baina, ez da halakorik gertatzen, baldosa tolosarraren diseinua hizpide denean: ezezaguna da marrazkiaren egilea. Guadi Larrartek, dena den, badu susmo bat: «Niri burutik pasa izan zait, posible dela diseinuaren egilea Laborde-Labaien lantegiaren ingurukoa izatea. Akaso bertako diseinatzaileren bati marrazkiren bat enkarguz eskatu zioten, baina, auskalo».

Espaloien diseinatzaileak ustez anonimoak izaki, informazio bila dabilenak jar dezake Bilboko baldosa interneteko bilatzaileetan; asko dira, kale bilbotarrei loreak oparitu dizkieten baldosen inguruko blogetako sarrera eta artikuluak. Neurriz tolosarra baino handixeagoa da, 30x30 zentimetrokoa, baina horietako bakoitzean beste lau lauki daude, lore banarekin.

Tolosan bezala, Bilbon ere XX. mende hasieran hasi ziren lurzorua aldatzen, baina hango loretxo bereizgarriak baditu balizko jatorri edo sortzaile zenbait; hiru lantegiri esleitzen diote baldosa ekoizten hasi izana.

Hala ere, modernismo garaian, ikur modernistak zituzten baldosak inon sortu baziren, Bartzelonan (Kataluniar Errepublika) sortuak behar zuten izan: Bartzelonako panot-ak. Hormigoizko piezak dira panot-ak, 20x20 zentimetrokoak, eta hiriko kaosari irtenbide bat emateko sortu zituzten: antza, XX. mende hasieran lokatzak arazo handiak sortzen zituen Bartzelonan, panot-ek konpondu zuten nahaspila hura.

Orduko agintariek bost diseinu aukeratu omen zituzten, lehiaketa publiko baten bitartez, baina, denborarekin, zenbait irudi desagertuz joan dira, Bartzelonako loreak hartutako indar sinbolikoagatik.

Sarri sinpletasunak izaten du xarma, eta badirudi hori izan dela Bartzelonako lorearen arrakastaren sekretua: erliebe negatiboan egindako lau petalo. Josep Puig i Cadafalch arkitekto modernistak sortu zuen diseinua, Gracia paselekuko Amatller etxe atarirako; eraikinaren sarreran ezarri zituen baldosak, jabeen zaldi-gurdiak bertatik sar zitezen. Behin loretxoak hiri osoko espaloietara zabaltzen hasi zirenean, panot horiek iraultza arkitektoniko txiki bat sortu zuten; gaur egun, zementuzko baldosatxoa opari erakargarri bilakatu da, munduan turista gehien jasotzen dituen hiriburu bateko bisitarientzat.

Lurretik hormara

Tolosako ikur urbanoa ez da, oraindik, souvenir izatera iritsi. Ez dabil urrun, ordea, azken hamarkadan baldosa tolosarrak suspertze estetiko bat izan baitu, errekurtso estetiko bilakatuz. Udaberri dantza taldearen 55. urteurrenarekin batera, esaterako, ordura arte grisa izandako baldosak berdearen tonalitateak hartu zituen, 2012an. Garai berriei irudi berri bat atxiki nahian, taldeak logotipo lehiaketa bat antolatu zuen, Tolosako baldosaren lorea oinarri-oinarrian zuena aukeratuz: udaberriko loreak eta goitik begiratutako dantzariek eta haien gonek bat egiten duten diseinuan.

Bide beretik, 2014an baldosako loreak piztu zuen, Kale Biziak egitasmoa iragartzeko diseinua: Box.A elkarteak sortu zuen, Tolosako Udalaren proiekturako irudia, lorea erdibitu eta bihotz bat atxikiz. Azkenik, Alondegia plazako tabernak ere zeresana sortu zuen, urte berean, baldosa lurretik hormetara pasatu eta protagonismo berezia hartu zuelako. Eten Puntuak enpresak beste zenbait proiektutan ere baliatu izan du, geroztik, nortasun agiri urbanoa, eta udalak ere hormigoizko laukitxoak erabili ditu, berriki, azoka berezietarako mahaiak egiteko.

Munduko baldosa?

Ahoz ahokoak eta erabiltzearen erabiltzeak, Tolosako baldosa izena jarri dio, halabeharrez, Tolosako espaloiak apaintzen dituen baldosari. Baina, hain tolosarra al da Tolosako baldosa? Badirudi lore-hexagono-puntutxodun diseinuak Gipuzkoako mugetatik harago ere jauzi egin zuela inoiz; edo, alderantziz, muga horietatik Gipuzkoara salto eginda iritsi zela Tolosara. Asko baitira, Tolosatik kanpo, baldora hori duten txoko eta herriak. Bartzelonan bertan, ustez espaloiak modernismoz janzten hasi ziren lekuan, ikusgai da baldosa. totbarcelona.blogspot.com.es blogak sarrera bat eskaini zion, 2015. urtean, Eixample auzoan ateratako argazki bati eta, egilearearen arabera, hirian beste inon ez zen halako baldosarik. Baina, antza, Bartzelonako hainbat lekutan zapal daitezke Tolosako espaloi berberak; besteak beste, blogeko iruzkinetako batek dio, Bartzelonako Seminari Conciliar-eko bi klaustroetako zorua baldosa horrekin estalita dagoela.

Kontuak kontu, tolosar bidaiariek Twitter baliatu izan dute, sarri, baldosa tolosarrak munduan beste zenbait espaloi ere badituela zabaltzeko. Horrela, Mao (Balear Uharteak, Herrialde Katalanak), Elba (Italia) nahiz Luca-ko (Italia) espaloiak erretratatu izan dituzte herritarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!