«Modan desberdintzeko sormena oso garrantzitsua da»

Irati Saizar Artola 2017ko aza. 2a, 07:40

Josteko makinari hautsak kendu eta sormenari eraginez ari dira hamar pertsona inguru ‘Josi «ta» ikasi, patroigintza eta moda diseinua’ ikastaroan, Tolosan.

Josi “ta” ikasi, patroigintza eta moda diseinua ikastaroko irakaslea da Silvia Baltasar andoaindarra. Ostegunero, hamar lagun inguruko taldea elkartzen da Tolosako kultur etxean josteko makinari hautsa kendu eta sormenarekin jokatuz gauza berriak egiten ikasteko. Azaro amaierara arte izango dituzte klaseak.

Zein dira jostun batek eduki behar dituen ezaugarriak?

Pazientzia handia behar da lan honetan, eta josteko makina maitatzen ikasi behar da. Bista ona edukitzea ere garrantzizkoa da, baita kreatibitatea ere.

Sormenak leku handia izango du ezaugarrien artean.

Bai, modaren munduan desberdindu ahal izateko sormena oso garrantzitsua da. Jostun batzuk sormen handiagoa dute, eta batzuk esan ohi dute diseinatzaile gazteekin ez dutela lanik egin nahi ideia arraroak dituztelako, eta beste batzuk asko bizitzen dute hori. Orduan, jostun aldetik ere behar da imajinazio pixka bat gauza berriak ikusteko.

Moda jarraitzea garrantzitsua da?

Sortzeko nahiago dut moda asko ez jarraitu, sormen horrek zuretik gehiago izan dezan. Baina oso sartuta dago gure gizartean eramaten dena, eta diseinurako ere kalean ikusten dudanaz elikatzen banaiz, moda hori kalean islatzen da. Gero, egia da pertsona bakoitza ezberdina dela. Marka bat sortu nahi baduzu jakin behar duzu zer eramaten den eta zer ez. Berez, ni ez naiz oso modaren zalea.

Esan ohi da guztia dagoela asmatuta.

Bai egia da, dena sortuta dago. Nik uste dut, 70. eta 80. hamarkadetan musikaren aldeko errebindikazioak zirela eta, modak bere garrantzia izan zuela; baina geroztik, dena errepikatu egiten da, ziklikoa da. Hiru urtez irauten du zikloak: lehenengoan, zerbait berria sortzen da, bigarrenean, soinean eramaten dugu, eta hirugarrenerako aspertu egiten gara. Eta hamar urte pasata berriro etortzen da gauza bera.

Sortzeko erak, ordea, aldatzen ari dira.

Gaur egun sormena gehiago da teknologikoki, material hobeagoekin adibidez. Kontuan hartu, egun, 3Drekin inprimatzen dituzte ehunak. Adibidez, modako aplikazioak daude: nik digitalki soineko bat sortu dezaket, eta zuk aukera duzu etxean zer moduz geratzen zaizun ikusteko. Izan ere, zuzenean sortu dezake makina batek zure gorputzarentzat egokia den zerbait. Ez dakit non amaituko den hau guztia.

Gazte jendeak badu interesa moda, patroigintza eta jostearen inguruan?

Uste dut baietz. Hamar lagun inguru ditut ikastaroan, eta esan didate ikasten dutena eurentzako nahi dutela. Ez dut uste bizimodu bila dabiltzanik, baina agian zubi bat izan daiteke zerbait interesgarria iruditu eta ikasteko. Uste dut Tolosa bezalako herrietan interesa sortzen dela estilo aldetik berezitasun puntu bat izateko, edo agian arropa zuk zeuk sortu ahal izateko. Izan ere, azkenean guztiak berdin jantzita amaitzen dugu. Nahiz eta nik esan ez dudala gurpil horretan sartu nahi, gurpila hor dago, eta gu ere hortxe gaude. Nire iritziz, moda munduan kontsumoari buruzko filosofia bat eduki dezakezu, baina azkenean dena sartzen digute. Nik ikasle hauei interesa ikusten diet, bakoitzak bere buruari zerbait egin ahal izateko interesa. Guztiok galtza-barrenak hartzen ikasten badugu, hobe.

Zer ari zarete egiten zehazki ikastaroetan?

Nire ideia gutxienez patroi bat egitea da, behintzat gona eta gorputz batena. Hortik, moldaketak eginez gona bat egitea. Baina batez ere, beren makinak maitatzea eta edozer gauza sortzeko ausardia izatera bultzatzea da nire helburu nagusia.

Zein perfileko jendea animatu da ikastaroetara?

Denak emakumeak.

Zeresanik badu horrek?

Horrelako ikastaroetara apuntatzeko interesa gehienbat emakumeek izaten dute. Egia esan, egin ditudan ikastaro gehienetara oso mutil gutxi animatu dira, baina beste aldera begira, modan triunfatzen duten asko eta asko gizonezkoak direla argi ikusten da. Badago hor zerbait.

Eremu pertsonalera sartuz, zuretzat jostea zer da afizioa edo ofizioa?

Afizioa izan da, baina ofizio bihurtu da. Agian ez hainbeste jostea, agian gehiago kreatibitatea, sormena eta diseinua. Lehen, nire marka eduki nuen, baita denda bat ere. Gero, ordea, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoekin lanean hasi nintzen, eta hortik telebistan lan egin dut denbora luzez. Hor, josteko eskatzen denean asko josi behar izan dut. Ofizio moduan gehiago gustatzen zait diseinua eta patroiak egitea. Afizio moduan, aldiz, txikitatik josi izan ditut eskuz lagunen inauterietako trajeak.

Nondik datorkizu afizioa?

Nire amonak eta izebak josten zuten, eta haiek ikusteaz. Beti erakutsi izan didate etxean botoiak josten, baina formak sortzea nahiago izan dut. Txikitan gehiago egiten nuen tela bat hartu eta panpinentzat moztu; sormenetik gehiago nuen jostetik baino.

Ikasketarik egin duzu honi lotuta?

Donostian ikasi nuen. Garai hartan ez zegoen kurtso homologaturik, beraz Donostiako Alde Zaharrean zegoen akademia batean aritu nintzen. Ondoren sortu ziren ikastaro gehiago, eta horrelako asko egin ditut. Gradu ondoko bat ere egin dut moda eta arteari buruzkoa EHUn. Bartzelonan ere master bat egin nuen duela bi urte.

Zuk zure burua jostuntzat duzu?

Ez dut uste. Nik askotan esaten dut, telebistan lana egiten dugunez, egun batetik bestera behar diren gauzak egiteko prest dagoena naiz, gutxirekin zerbait egiten duena. Horrela definitzen dut neure lana. Gehiago ikusten naiz diseinu eta kreatibitate aldetik, jostunetik baino. Baina azkenean, ideia bat sortu nahi baduzu eta patroi bat egiten baduzu, eta gainera josten baldin badakizu, lan osoa egitea hobeto da. Halere, modistak horretarako daude eta haiek urte asko daramatzate beren lana oso ondo egiten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!