Pabiloi berri bat izango dute karrozek, udalak alokatuta

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 1a, 17:00

Urriko ohiko osoko bilkuran zerga eta tasen igoerak ere onartu ditu Tolosako Udalak, eta hizpide izan dira autobus zerbitzu publikoan aldundiak iragarritako murrizketak.

Gai zerrenda luzeak hartu zuen, joan den asteartean, urriko osoko bilkura eta, tartean plazaratu zuten, inauterietako karroza eta konpartsek egoitza berria izango dutela, aurrerantzean. Udalak pabiloi berria alokatu du Usabalen, azken osoko bilkuran jakinarazi dutenez, eta oraingoz hura izango da jaietako prestakuntzak egiteko txokoa.

Kreditu transferentzia eta gehikuntzen haritik heldu zen gaia. Beste zenbait aldaketa eta ondorioz inbertsio berrirekin batera, karrozen gordailuarena zegoen kreditu gehigarrien zerrendan. Igor Ezenarrok, oposiziotik, «plangintza falta» egotzi zion udal gobernuari: «Udan Delta pabiloiak su hartu zuela-eta, Usabalen bi pabiloi txiki alokatu zenituzten, eta orain haiek utzi eta handiago bat eskuratu duzue. Kreditu aldaketako kopurua txikiagoa den arren, urte osoko alokairua 80.000 euroko da eta, gure ustez, gastu handia da». Bide beretik, EH Bilduko zinegotziak azpimarratu zuen Ferialekuko eraberritzea hasi aurretik, beren udal taldeak «plangintza eta proposamen berri bat sortzea eskatu» zuela, iradokiz, gastua saihesteko modukoa zela.

Bere aldetik, Olatz Peon alkateak azaldu zuen «gai askok bat egin» dutela auzi horretan, eta «guztiei konponbidea bilatzen» saiatu direla: «Ferialekurako obra handiago bat aurreikusita zegoen, baina krisiak bertan behera utzi zuen proiektua; hortik iritsi zen azken eraberritzea. Txukunketek erabilera handitzeko eskaerak haztea ekarri zuten eta, horrekin batera, udalak aspalditik zuen, egiteko lanen zerrendan, karrozen gordailu egokiaren gaia».

Horrenbestez eta, Deltako pabiloiaren konponketak aseguru etxearekin dituen arazoak medio, udal gobernuak erdietsi du karroza guztiak pabiloi bakarrean sartzea, alokairua ordainduz, eta Ferialekuari kirol-erabilera ematea, urteroko hitzorduez gain. «Orain, karrozetako ordezkariekin erabaki egin beharko da gordailua zein baldintzatan kudeatuko dugun», azaldu zuen Peonek.

Inauteriei loturiko gaiarekin batera, kreditu aldaketen puntuan beste zenbait esku-hartze iragarri zituen Begoña Tolosa zinegotziak. Batetik, 4.000 euroko transferentzia kreditua egin dute, Iurreamendiko baratze parkeko txabolaren teilatua konpontzeko. Halaber, 34.262 euroko kreditu gehigarria erabiliko du udalak, gerakinetatik pabiloiaren alokairuaz gain, honako proiektuen finantziaziorako: Oriaburu eraikineko komunikazio euskarriak; Santa Maria elizako bisita gidatuak; eta azoketan egin dituzten jarduera berriak, adibidez, Sagardofest edo EHUk azoken eragina neurtzeko egindako ikerketa

HONDAKINEN TASARI, IGOERA HANDIAGOA

Urteroko moduan, tasak eta zergak aldatu ditu udalak eta, orobat, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako KPIaren batezbesteko igoera hartu dute erreferentziatzat, igoera txertatzeko: %1,7 igoko dituzte 2018ko tasak eta zergak.

Berrikuntza nabarmenenak Hirukide familia ugarien elkartearen aldetik iritsi dira, hobariak aplikatzeko eskatuz baina, horiekin batera, hondakinen tasak ere gainerako zerbitzuek baino igoera handiagoa izango du hurrengo urtean: %5ekoa, hain justu. Lore Agirre EH Bilduko zinegotziak puntu horri jarri zion fokua, onartuz gastuak eta diru-sarrerak parekatzeko neurriak hartzea baina, aldi berean, eskatuz, hondakin bilketa sistemaren inguruko hausnarketa bat: «Oso urrun gaude gastuak eta diru-sarrerak parekatzetik, eta defizita areagotu egiten da».

Iritzi berari tiraz, Olatz Peon alkateak aitortu zuen baietz, tasaren kostua estaltzea zaila dela. Era berean, ordea, nabarmendu nahi izan zuen hondakinen bilketarena dela, beharbada, udalak eskaintzen duen zerbitzu handienetakoa eta garrantzitsuenetakoa. Horrela, balizko konponbide bat proposatuz, eskualdeko tasa bateratu bat izan zuen hizpide: «Tolosaldean bada helburu historiko bat: hondakinen tasa bateratzea. Gaur egun udal bakoitzak du tasa erabakitzeko eskumena, eta gai zaila da, baina beste zenbait eskualdetan egiten dute, eta ea hemen ere lortzen dugun».

AUTOBUS GUTXIAGO DONOSTIARA

Tolosatik Donostiarako autobus zerbitzu publikoan zenbait moldaketa egin berri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta, iragarritakoaren arabera, Tolosako eta Tolosaldeko herritarrek murrizketak izango dituzte maiztasunean eta zerbitzu kopuruan.

Ñabardura zenbait tarteko, udalbatza desados azaldu zen foru aldundiak aldaketak iragartzeko erabilitako komunikazio-bidearekin: «Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute aldaketa, eta gure ustez hori ez da zilegi», azaldu zuen Olatz Peon alkateak.

Autobus horrek 40.000 tolosarri ematen die zerbitzu eta, ikerketen arabera, urtero %2 igotzen da erabiltzaile kopurua. Aldaketen ondorioz, ordea, Donostiarako zuzenekoen maiztasuna 30 minututik 60 minutura aldatuko litzateke eta, ondorioz, 30 zuzeneko izatetik, 18 izango lituzkete erabiltzaileek. Gainera, goizean goiz unibertsitatera joaten diren 8 zerbitzutatik 4 desagertzea aurreikusi du aldundiak.

Horren aurrean, Tolosako Udalak EAJren eta PSE-EEren mozioa onartuz garraio publikoaren egoera berriro aztertzea eskatu dio foru aldundiari, gaineratuz, bitartean manten ditzala orain arteko zerbitzu eta maiztasunak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!