Joan Baixasek eskainiko du, Topic-en, II. Udazkeneko eskola

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 1a, 15:20

Titirijairekin bat eginez, azaroaren 26tik abenduaren 2ra izango dira eskolak; ikasle bakoitzak bere mundu ikuskera eraiki beharko du, animazioaren bitartez.

UNIMA Euskal Herriak Udazkeneko eskola antolatu du, bigarrenez, Topic zentroarekin elkarlanean, datorren azaroaren 26tik abenduaren 2ra bitarte. Joan Baixas margolari eta eszena zuzendariak gidatuko du kurtsoa, eta animazioa izango da gai nagusia.

Topic-ek bost urte zeramatzan, Espainiako UNIMArekin batera, Udako Eskola antolatzen, eta iaz egitasmoaren datak aldatzea erabaki zuten, Titirijairekin bat egiteko. Antolatzaileek azaldu dutenez, «ikasleek asko eskertu ziguten erabakia». Modu horretan, eskola jaialdiaren esparruan antolatzen du Topic-ek eta, era berean, ikasleek txontxongilo jaialdiko ikuskizunetara bertaratzeko aukera izaten dute.

Hilaren 26an hasita, beraz, argia, itzala eta animazioa izango dira aurtengo Udazkeneko Eskolako erdigunea, eta Joan Baixas adituak gidatuko ditu ikasleak, sormen egonaldi horretan. Izan ere, hainbat arte diziplinatako ikasleei begirako ikastaroa prestatu du adituak, animazioa ardatz hartuta: «Artearen esparru garaikide askotan topa daiteke animazioa: arte eszenikoetan, arte plastikoetan nahiz dantzaren munduan, adibidez. Eta, testuinguru horietan, teknika zinematografikoak erabili beharrean, animazioa zuzenean gorpuzten da, objektu, figura, material, txotxongilo, forma, margo edo proiektatutako irudiak baliatuz», diote antolatzaileek.

Baieztapen horren bidetik, ikastaroko parte hartzaileek animazio txikiak sortuko dituzte, material oinarrizkoak eta apalak erabiliz eta, ia lanketarik gabe, mugimendu, arnasketa eta hitzaren bitartez, animazio horretara iritsiko dira.

Joan Baixasen helburua ez da izango teknikak irakastea, edo emaitza zehatz batera heltzea; gai orokor baten inguruan sormenaren kaosera iristea izango da funtsa. Horregatik, mapamundia hartu dute, bere horretan, ikastaroan mamitu beharreko gaitzat.

Munduko mapak izan daitezke politikoak, hidrografikoak nahiz meteorologikoak, baina, irizpide horien guztien atzean ideologia dago, Baixasen ustez. Modu horretan, ikasle bakoitzak bere mundu ikuskera adierazi beharko du aipaturiko ariketak eta animazioa baliatuz.

Izen-ematea eta informazioa www.topictolosa.com atarian daude. Gehienez ere 15 pertsonako taldea osatuko dute, eta 250 euroko matrikula ordaindu beharko dute ikasleek. 28 orduko ikastaroa izango da (16:00etatik 20:00etara), eta ordu horiez gain txotxongilo ikuskizunetara sartzeko aukera izango dute, hala nahi dutenek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!