«Gizarteak asko eskatzen dio eskolari, eta badirudi eskolan guztia landu behar dela»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko aza. 1a, 07:44

Guraso eta irakasleei begirako ikastaroari ekin zioten, larunbatean, Herrikiden; elkarbizitza zeharkako gaitzat proposatzen dute.

Eguneroko bizitzarako tresnak, eta helburu ukiezinagoetara iristekoak. Biak eskaini nahi dizkie, Baketik fundazioak, guraso eta irakasleei, Tolosan eskaintzen ari diren ikastaroen bitartez. Hezkuntzaren lau puntu kardinalak izenburu hartuta, joan den larunbatean izan zuten lehen saioa, Herrikide ikastetxean, Maite Aseginolaza legazpiarraren eskutik.

Zein da ikastaroaren muina?

Baketikek Biziz ikasi pedagogia izeneko eredu bat du, eta bi kontzeptu horien batura dago muinean: bizi eta ikasi. Esperientzian oinarritutako metodologia da, gure ustez, bai baitira elkarbizitzarako nahiz bizitzarako oinarrizko lau puntu kardinal. Horrela, heziketan gida gaitzakeen ipar-orratz bat izan daiteke ikastaro hau; tresna batzuk eskainiko ditu eta, hortik aurrera, erabakiak guk hartu beharko ditugu. Egitasmo hau erreminta kaxa baten parekoa da, eta zortzi atal ditu, irakasgai banarekin.

Zein da zuen helburua?

Bi lekutara iritsi nahi dugu. Batetik, eguneroko bizitzan, eskolan, familian edo kalean sortzen diren arazoei aurre egitea, ikuspegi eraikitzaile eta gizatiar batetik. Eta, bestetik, helburu handi-handiak, izen potoloak dituzten horiek, zehatz-mehatz garatzea. Alegia, eskolan landu nahi ditugun elkartasuna, elkarrizketa, berdintasuna nahiz giza-duintasuna bezalako jomugak norberak bizitzea eta esperimentatzea.

Eta, horra iristeko, zein gai izango dituzue hizpide?

Horretarako lau atal lantzen ditugu. Gakoetako bat gizakion izaera mugatua ezagutzea da, pertsona guztiak behin bakarrik bizi garelako, inperfektuak garelako eta ez dakigulako dena. Muga horiek norbere barruan ulertzen ditugunean, aldamenekoengan ere hobeto ulertzen ditugu. Bigarren ikaskuntza esker ona lantzea izango da, izan ere, mugatuak gara, bai, baina muga horiek gainditzeko eta sortzeko gaitasun mugagabea ere badugu. Gure barruan daukaguna eta besteek ematen digutena baloratzen eta aitortzen badugu, elkarbizitza sanoa eta positiboa izatea lor dezakegu. Hirugarrenik, kontzientzia landuko dugu. Sarri ez diogu garrantzirik ematen, baina guztiok daukagu kontzientzia bat eta, gure ustez, etikoki funtzionatzeko, behar-beharrezkoa da kontzientza horri entzutea. Azkenik, giza-duintasunaz hasiko gara, giza-eskubide guztien oinarrian baitago. Gaur egun duena baino garrantzi handiagoa izan beharko luke hezkuntzan. Gure ustez, edonork du bere bizitza hobetzeko gaitasuna, eta ikastaroan horretarako gakoak proposatuko dizkiegu parte hartzaileei.

Egitasmo honek non du iturburua?

Baketik bi kontzeptu lotzen dituen izena da: bakea eta etika. 2006an sortu zenean, intuizio batekin sortu zen: bakeak eta etikak bizitzarako eta hezkuntzarako bidea erakutsiko digute. Hastapenetan helduentzako ikastaroak antolatu genituen, eta parte hartzaile asko hezkuntzaren ingurukoak ziren. Hasiera-hasieratik proposatu ziguten, oso interesgarria litzatekeela beraiekin lantzen genuen materiala haur eta gaztetxoentzat egokitzea. Lan talde bat sortu zen proposamenetik, eta IZAN hezkuntza proposamena sortu zen.

Zein da ereduaren funtsa?

Geure burua lantzen dugu, helduen hizkuntzan, guraso bezala edo irakasle bezala eta, bigarren zatia, hori haur eta gaztetxoekin praktikan jartzeko proposamena da. Material hori guztia doakoa da, eta sarean eskuragarri dago, www.baketik.org webgunean. Dena den, material hori hotzean hartzea baino, aurretik oinarria gurekin lantzea gomendatzen dugu guk.

Kasu honetan Tolosan ari zarete lanketarekin, baina, zenbat herritatik pasatu zarete jada?

Eduki honek ibilbide luzea du, 2010ean aurkeztu baitzen. Hego Euskal Herri osoan ibili gara materialarekin, bai EAEn, bai Nafarroan. Eta Espainiara ere zabaldu izan da, kasu bakanetan.

Eta, zazpi urteko bidea egin eta gero, zer nolako harrera du?

Balorazioa oso positiboa da. Hasierako helburua poliki-poliki hastea zen, ikastetxe gutxi batzuekin sare bat sortzeko; baina sare hori asko zabaldu da. Batez ere tutoretzetan-eta erabiltzen duten materiala da, baina, era berean, zeharkako materiala da. Alegia, gai horiek landu daitezke edozein irakasgaitan. Hasiera-hasieratik obsesio moduko bat izan zen material sinplea diseinatzea. Horrelako gaiak lantzeko denbora gutxi izaten da eta, horregatik, material erabilerraza sortzen saiatu zen Baketik. Esan genezake hau lanbroa bezalakoa dela: tanta batek ez zaitu bustitzen, baina, behin eta berriz oinarri berera jota, gazteen heziketan eragin daiteke.

Hezkuntza alde gizatiarretik lantzeko ahalegin gehiago behar direla uste duzu?

Behar handia dago. Gizarteak asko eskatzen dio eskolari, eta badirudi eskolan guztia landu behar dela: elkartasuna, berdintasuna, justizia, elikadura,... Gainera, Hezkuntza sailak, fundazio batek nahiz elkarteek beren unitate didaktiko propioak egiten dituzte, eskoletara bidaltzeko, eta sarri eduki horrek guztiak gainezka egiten die eskolei. Bide horretan, iruditzen zaigu gure proposamena edozer lantzeko oinarria izan daitekeela, eta ez duela biderik ixten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!