Adinekoen testigantzak ondare bilakatu dituzte Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 31a, 16:24
Argazkia: Ahotsak.eus

Tolosako Ahotsak egitasmoaren barruan, adineko 50 herritar baino gehiago elkarrizketatu dituzte beren testigantzak hartzeko; proiektua aurkezteaz gain, eskertza eta omenaldia egin zieten atzo proiektuan parte hartu duten guztiei.

Atzo arratsaldean izan zen omenaldia Tolosako kultur etxean eta Tolosako Udaleko ordezkariak, Ahotsak.eus proiektuko kideak eta elkarrizketatuetako batzuk ere izan ziren bertan. 

Olatz Peon alkateak hartu zuen lehenengo hitza, eta ongi etorria eta eskerrak eman zizkien bertaratutakoei. Ondoren Ahotsak proiektuko Idoia Etxeberriak hitz egin zuen proiektuaren xehetasunak azaltzeko. Garai bateko bizimodua jasotzea da proiektuaren helburua: "Ehunka urtean pilatutako jakinduria horren transmisioa arriskuan ikusita ekin genion lanari, guztiona den ondare hori jaso eta ezagutarazteko". 

Euskalkiak jasotzea da ere bada proiektuaren beste helburuetako bat, eta Tolosako euskarari ere egin zion erreferentzia Etxeberriak. Azaldu zuen Tolosako euskarak euskara garbi eta ederraren ospea daukala eta tolosarrak beraien euskararekin harro daudela. "Euskara denak dira ederrak, baina beste toki batzuetan hiztunak konplexuz beteta daude: euskara traketsa darabiltela iruditzen zaie. Gauza ona da norberaren hizkuntza estimutan izatea, eta bejondeizuela! Segi horrela!". 

Tolosan duela zortzi urte hasi ziren 75 urtetik gorakoak elkarrizketatzen eta guztira 51 lagun elkarrizketatu dituzte. Miren Artetxek egin zituen elkarrizketa gehienak, eta Maddi Soroak eta Idoia Etxeberriak ere egin zituzten batzuk. Orain Tolosako ondarea herritarren eskura dago Interneten: Tolosako Ahotsak webgunean, 982 bideo pasarte ikus daitezke, eta 104 transkripzio ere badaude", adierazi dute.

Atzoko aurkezpenerako bideo hau prestatu zuten:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!