Euskaraz amets egiten jarraitzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urr. 28a, 18:32

Laskorain ikastolak ikuskizun ibiltaria baliatu du, 50 urteotako ibilbidea kontatu, plazaratu eta antzezteko; Sakramentinoetan biribilduko dute eguna, ekitaldi batekin. 

Denboraren makina txiki bat izan da, Laskorain ikastolaren ikuskizun ibiltaria. Ezin zuen bestela izan, 50 urteko bidea lau antzezpen txikitan kontatzeko, iraganera jauzi handiak egin behar baitira, nahitaez. Horrela, lau taldetan banatutako ikusleetako bakoitza norbere ikastolara eta norbere ikasgelara itzultzea lortu dute ikasle, irakasle, ikasle ohi eta guraso aktoreek. 

Hezkuntza sistema euskaldunaren alde urratutako bidea lau katebegitan laburbildu dute antolatzaileek. Modu horretan, 17:30ean hasita, Zumalakarregiko txaletak, Lizardi elkarteak, Plaza Zaharrak eta Trianguloa plazak hitz egin du historia tolosarraren zati batez. 

Xabiertxo liburuaz aritu dira, batetik, Xabiertxo eta Ixiartxo protagonisten ahotik. Xabier Lizardi bera ere bertaratu da Berdura plazara, bere izena daraman elkartearen eta Laskorainen arteko lotura gorpuztuz. Eta, ikusleen algarak eragin ditu debeku garai latzenetako hezkuntza inspektoreak. Zumalakarregin, lehen pausoen lekuko izan dira haur, gazte eta helduak. 

Denborak gauza asko aldatzen ditu, bai, baina Argitxo iratxoaren miresmena ez da itzali eta, ikuskizunaren bidea gidatzearekin batera, iratxoak ikusle gaztetxoenen ametsak hauspotu ditu, beste behin. 

Laskorain ikastolak iluntzean biribilduko du gaurko ospakizuna, kolore, musika eta dantza barnebilduko dituen emanaldian. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!