Ekimen ugari, Bedaioko X. Azoka Berezia ospatzeko

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 26a, 11:21

Igande honetan egingo dute azoka; aurtengo Erakustoki Txokoaren gaia musika instrumentuak izango dira.

Azoka berezia egingo da igandean Bedaion. Aurtengoa hamargarrena izango da eta Artubi elkartetik gonbita egin dute bertara joateko: «Udazkenean sartu garen honetan eta negua ate joka ari zaigunean, zer plan hoberik igande goizerako, gure herrietan hainbat ugaritu diren azoka batera bisita egin, eta nola ez, aukera suertatzen bada, garai-garaiko produkturen bat erostea baino. Izan ere, hutsik egingo ez diguna, bertako eta garaiko produktuen kalitatea izango da». 10:45etik 13:45era bitartean egingo da azoka.

Bertan ikusi, dastatu eta erosi ahal izango dira hainbat produktu. Adibidez, bertako babarruna, barazki, etxeko labe zaharrean egindako ogia, mondejuak, arrautzak, etxean egindako postreak, garai honetan fruta arbolek eskaintzen dituzten intxaur, sagar, gaztaina,... Gaztak ere protagonismoa izango du eta bertako gazta erosteko aukera izango da azokan.

Bestalde, sagardoa nola egiten den azalduko dute tolare txiki baten bidez sagardotarako sagar ekologikoa ekoizten duten Aitziber eta Fernandok, eta sagar zukua dastatzeko aukera izango da.

Baserriko animaliak ikusi ahal izango dira, eta erleen hainbat produktu dastatu eta erosteko bidea ere. Berezitasun moduan, Eladio erlezainak erlauntza baten barruko sekretuak ondo ikusi ahal izateko kristalezko erlauntza bat jarriko du ikusgai.

JAKOBA ERROKONDO BEDAION

Artubi elkartetik adierazi dutenez, «urteurren berezi honek gonbidatu berezi bat ere izan nahi du, eta zein hoberik gure baratze, landare eta loreetan aditua den Jakoba Errekondo baino». Argitaratu berri duen Landareak lantzen gida liburua salgai izango du eta jendearen kezka eta jakin-minak asetzeko «aukera paregabea» izango da.

Azken urte hauetan jendearen parte hartzeak azokako «gune garrantzitsua» bilakatu du Erakustoki Txokoa. Aurtengo gaia musika instrumentuak izango dira. Batez ere tarte berezia egingo zaio garai batean San Juan egunez Bedaioko baserrien artean idi adarren soinuez egiten ziren doinu jokoei. Txoko honetan ez dira faltako urteroko harigileak. Egun berezia izatea nahi dute bertara hurbiltzen diren ume eta gazteentzat ere, eta beraien parte hartzea bultzatzeko haziekin egindako eskulanak eta talo tailerra izango da.

Mokadua hartzeko aukera ere izango da: taloa txorixo edo hirugiharrarekin, eta gaztaina erreak. Azoka erakustoki eta saltoki gune bezala 13:45ean bukatuko da, baina goizeko lanaldiak Artubi elkarteak antolatuko duen bazkari batekin izango du amaiera. 20 euroren truke bertako babarruna dastatzeko aukera paregabea. Horretarako, goiz osoan bazkarirako txartelak salgai egongo dira frontoian nahi duenarentzako eskuragarri. Urtero bezala, errifa berezia egingo dute azokan bildutako produktuez osaturiko saskiarekin.

AUTOBUS ZERBITZUA

Bedaioko azokara joateko erraztasunak jarri nahi dituzte Artubi elkartetik, eta «iaz egindako proba baikorrari eutsiaz» autobus zerbitzua eskainiko da.

Tolosa eta Bedaio artean lehenengo zerbitzua ondorengoa izango da: 10:45ean Tolosako San Frantziskoko geltokian, 11:00etan Alegiako eskoletako geltokian, eta 11:10ean Ugarten. Bigarren zerbitzua: 12:00etan Tolosako San Frantziskoko geltokian, 12:15ean Alegiako eskoletako geltokian eta 12:25ean Ugarten.

Bedaiotik Tolosara, lehenengo zerbitzua: 13:00etan Bedaioko eliz plazatik aterako da dagozkion geldiuneak eginez Ugarte, Alegia eta Tolosako San Frantziskon. Bigarren zerbitzua 13:45ean aterako da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!