Mugez eta hormez hausnartzen

Ataria 2017ko urriaren 25a

Haatik dantza konpainiak 'Hormek diote' ikuskizuna eskainiko du ostiralean, Tolosako Leidor Aretoan. Elkarbizitzari buruz hausnartzeko emanaldia da, ikuskizun "ikusgarria".

Ez-ohiko irudia izan da gaur Tolosako Alondegia plazan; hiru dantzari, egurrezko adreiluak, eta mural bat. Haatik dantza konpainiako kideak beren lekuetan prest, 'Hormek diote' beren ikuskizun berria aurkezteko. 

"Donostia 2016' hiriburutzaren barruan sortu zen proiektua: "Elkarbizitzari buruz hausnartzeko hainbat artista elkartu eta Donostia inguruan bost mural egin zituzten bost artista plastikoek", azaldu du Aiert Beobide Haatik dantza konpainiako zuzendariak. 

 Ondoren, bideoak, ikus-entzunezkoak, dantza..hainbat emanaldi sortu zituzten ikuskizuna osatzeko. Haatik dantza konpainiako kideek ere beren emanaldia sortu zuten bi koreografoen laguntzarekin. 

"Eskubide guztiak batu eta proiektu hori guztia oholtza gainera eraman dugu, eta ikuskizun guztia –bideoak, ikus-entzunezkoak, zuzeneko musika, etab– eskainiko dute ostiralean.

Ikuskizun horren bidez elkarbizitzari buruzko hausnarketa bultzatzea da proiektuaren xedea: "Hormek banatzen duten horretaz hitz egiten da, genero ezberdintasunaz; azken finean, elkarbizitzarako izan ditzakegun zailtasunei buruzko galderak bultzatzea da emanaldiaren xedea".

Hormak suntsitu eta elkarbizitzari ateak irekitzeko hitzordua egina dago: ostiralean, 20:30ean, Tolosako Leidor aretoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!