Nerabeen kezkak argitzeko plataforma plazaratu du udalak

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urr. 24a, 16:55

Tolosako Prebentzio Mahaiak sortu du gunea, eta erabilgarri da jada, udalaren webgunean; Luna Barquero Bordonabek sortu du irudia

Tolosako Prebentzio Mahaia herriko gazteen alkohol kontsumoaren gaia lantzeko sortu zuten, nerabeen inguruko eragileen eskutik. Horrela, duela urtebete inguru iragarri zuten, gazteentzako plataforma digitala sortzeko lanetan hasiko zirela, neska-mutilen zalantzak eta arazoak konpontze bidean. Bada, erabilgarri da jada, eta Tolosako anbulatorioan aurkeztu dute tresna berria.
Olatz Peon Tolosako alkateak, Lourdes Senovilla prebentzio teknikariak eta Nerea Cereceda gazteria teknikariak eman dituzte egitasmoaren xehetasunak, eta alboan izan dute Luna Barquero ere: plataforma digitaleko irudia sortu duen gaztea. Eurekin izan dira, halaber, prebentzio mahaiko gainerako ordezkariak: Herrikide, Laskorain eta Orixeko ordezkariak; Osasun Saileko eta Osakidetzako langileak; Topaguneko hezitzaileak eta kale hezitzaileak; Berdinsex zerbitzuko aholkularia; eta AECC elkarteko ordezkaria.
Guztiek bat egin dute, prebentzio mahaiaren balioa azpimarratzerakoan: «Duela bi urte eta erdi hasi ginen lanean, eta Tolosan lehen aldiz ari gara gazteriaren inguruko gaiak osotasunean jorratzen, modu integralean», azaldu du Nerea Cereceda gazteria teknikariak.
Bide beretik, Olatz Peonek hainbat erakunderen arteko foro bat sortzea txalotu du: «Administrazioa ez da erraza izaten».

Galdera birtualak eta anonimoak

www.tolosa.eus ataritik eskuragarri dago, jada, nerabeen plataformarako sarbidea. Bertan lau atal nagusi daude eta, finean, gai horien inguruko zalantza, kezka nahiz galderak bideratu ahal izango dituzte neska-mutilek.
Lourdez Senovillak azaldu du teknologia berrietara jotzea ideia hobea iruditu zitzaiela, gazteei kezkak argitzeko: «Iruditu zitzaigun teknikari batengana ez zuketela hain erraz joko; orain, oso modu errazean bidali ahal izango dituzte galderak».
Horrela, honakoak izango dira plataformako lau atalak: Sexualitatea; Drogak eta menpekotasunak; Gorputza ezagutu eta maitatu; eta Botepronton. Azken atalaren kasuan, gainerako ataletan sartzen ez diren galderak egin ahal izango dituzte.
Erantzunei dagokienez, berriz, kasuan kasuko prebentzio mahaiko kideek eskainiko diete laguntza, eta protokolo baten bitartez zehaztu dute, gehienez ere, astebeteko epean emango dituztela erantzunak. Areago, prebentzio mahaiko kideek, galdera edo kezka baten bitartez, arazoren bat detektatzen baldin badute, gazteari aurrez aurreko elkarrizketa bat egitea proposatuko diote.
Plataforma digitalak irudi propioa izango du, eta Luna Barquero tolosarrak sortu du. Lehiaketa baten bitartez aukeratu dute irudia, eta generoaren gaia nahiz gazteen zalantzak tratatzeko moduagatik aukeratu du epaimahaiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!