Zapiak eta 3x3 txapelketa, Larramendiko jaietako nobedade

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 24a, 09:15

Seigarrenez ospatuko dituzte, aurten, Tolosako Larramendi auzoko festak; ostiraletik igandera, auzotar nahiz herritarrentzako egitaraua aurkeztu dute Arkaute etxean.

Udalarekin elkarlanean egokitu zuten, auzotarrentzat, Larramendiko Arkaute etxea, eta bertan plazaratu dute 2017ko jaietako egitaraua. Larramendi auzoko festei 2012. urtean ekin zieten berriro eta, horrela, auzo berriak bizi hartu zuenez geroztik, seigarren festak izango dira aurtengoak. Ostiralean txupinazoarekin ekingo diete ospakizunei, eta Udaberri dantza taldea gonbidatu dute horretarako, haien 60. urteurrena dela eta; igande iluntzera bitarte, gastronomia, musika, dantza eta kirola izango dira, auzoko lapikoan.

Festa batzordeko kideek nobedadeen berri eman nahi izan dute eta, horrela, azpimarratu dute gaztetxoentzat 3x3 futbol txapelketa izango dela. Igandeak hartuko du kirol hitzordua, 10:00etatik aurrera, eta 8 urtetik 13 urtera bitarteko neska-mutilek izan dute izena emateko aukera: guztira, 160 gaztetxo ariko dira. Babesleei eskerrak eman nahi izan dizkiete, besteak beste, haiei esker egokitu ahal izan baitute 3x3 formatuan aritzeko joko-zelaia. Gainera, parte hartzaile bakoitzarentzat ere sari bana izango da txapelketa amaieran.

Futbolarena, ordea, ez da aurtengo berrikuntza bakarra izango, jaiak behar bezala ospatzeko kamiseta eta zapi berriak egin baitituzte. Festa batzordeko kideek azaldu dutenez, lehengo zapiek festa batzordearen izena baino ez zuten islatzen; nahiago izan dute Larramendiko Auzo Elkartearen izena erabili.

Horren harira, jaien aurkezpena deialdi bat egiteko ere baliatu dute festa batzordeko kideek: "Auzo elkartean 120 pertsonarik gora aritzen gara, baina, aldiz, jaiak antolatzeko batzordean askoz ere jende gutxiago biltzen gara, eta beti laguntza eske ibili behar izaten dugu. Horregatik, agerraldia probestu nahi dugu auzotarrei laguntza eskatzeko".

Gaur egun, Tolosako Larramendi 3.000 bizilaguneko auzoa da eta, jaien bidetik, antolatzaileek nabarmendu dute auzo elkartearen helburua dela, bizilagunen arteko giroa sustatu, eta elkar hobeto ezagutzea.

EGITARAUA

Ostirala, urriak 27

17:30. Txokolate jatea.

18:30. Txupinazoa. Udaberri dantza taldearen eskutik. Buruhandiak eta dultzaineroak izango dira.

19:00. Pintxo pote.

20:00. Tolosako Musika Bandaren kontzertua.

20:30. Ogitarteko salmenta.

22:00. Zezen suzkoa.

23:30. Kontzertuak: Euphoric eta Pontentor.

Larunbata, urriak 28

10:00. Diana dultzaineroekin.

10:00. Batukada Famili tailerra.

12:30. Haurrentzako danborrada Iraunkorrak txarangarekin.

14:00. Auzo bazkaria.

17:00. Iraunkorrak txaranga.

18:00. Jokoak txaranga doinuek alaituta.

19:00. Kalejira txarangarekin.

20:00. Dj Maituna musica de los 80's.

20:30. Ogitarteko salmenta.

22:00. Zezen suzkoa.

23:00. Alaiki Metal taldearen kontzertua.

03:00. Dj Txanela.

Igandea, urriak 29

10:00. Diana Tolosako txistulariekin.

10:00. 3x3 Futbol Txapelketa.

11:00. Patata Tortilla lehiaketa.

11:30. Ume jolasak.

14:00. Kuadrilla bazkaria.

17:00. Karaokea.

18:00. Buruhandiak.

19:00. Jaien amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!