Anje Duhalderen sormen ibilbidea

Asier Imaz 2017ko urriaren 24a

Galtzaundi Euskara Taldeak 'Sormenetik' egitasmoaren laugarren edizioa ospatu du; Garbiñe Ubedaren galderei erantzuten aritu da abeslari lapurtarra, Zerkausian.

Anje Duhalde arrangoiztarra Tolosan izan zen larunbatean, Sormenetik egitasmoaren barruan. Zerkausi azpialdean, Tolosaldeko Arraun Klubaren egoitzan, hitzaldia eskaini zuen abeslariak, eguerdian.

Busti esnatu zen eguna, baina arrangoiztarra ahots beroketekin hasi zenean, atertu eta giroak egonkortzera jo zuen. Jendea ere orduan hasi zen erantzuten, eta Oria ibai ondoko eremua txiki gelditu zen.

Antolatzaileak ere gustura ziren egitasmoak sortu zuen ikusminarekin.

Kultura, euskara eta azoka lotzeko helburuarekin jaio zen Sormenetik egitasmoa Galtzaundi Euskara Taldearen eskutik. Anje Duhalderena laugarren edizioa izan da. Aurrez, Eñaut Elorrieta, Jakoba Errekondo, Xabi Solano, Aiora Zulaika, Jone Gorostarzu, Joxi Ubeda edo Xabier Zeberio pasa dira Zerkausitik.

Musikari lapurtarra elkarrizketatzen Garbiñe Ubeda tolosarra izan zen. Argia astekarian kazetari, entziklopedia egile, diseinugintzan eta idazle moduan ere lan egina da Ubeda. Elkarrekin, Anje Duhalderen musika ibilbidea errepasatu zuten. Lapurtarra luze eta zabal aritu zen, anekdota, bizipen eta pasarte desberdinak gogoratuz. Amaieran, gitarra hartu eta kantu pare bat eskaini zizkien Sormenetik egitasmora agertu ziren herritarrei.

 

ELKARRIZKETA IKUSGAI

28 Kanala-k eta TOLOSALDEKO ATARIA-k, elkarlanean, larunbateko hitzaldia grabatu zuten. Urriaren 26tik aurrera, solasaldi osoa ikusgai izango da sarean: www.ataria.eus webgunean. 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!