Etorkizuneko gizartea enpatian hezteko saiakera

Tolosaldeko Ataria 2017ko urriaren 23a

Gipuzkoako Foru Aldundiko DenokZu indarkeria matxistaren aurkako egitasmoa ikastetxe ikastetxe aurkezten ari dira; Tolosako Laskorain ikastolan izan dira, gaur, LH 6. mailako neska-mutilekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz jarri zuen martxan DenokZu egitasmoa, lehen hezkuntzako gaztetxoekin indarkeria matxista jorratzeko helburuz. Horrela, udalekin, elkarteekin nahiz beste hainbat eragilerekin gaia mamitu eta gero, Tolosaldeko ikastetxeetara heldu da sentsibilizazio kanpaina; gaur Laskorain ikastolan aritu dira
Ordubeteko saio parte hartzailea eskaini diete, neska-mutilei, Miren Elgarresta Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakume eta Gizonen Berdintasunerako zuzendariak, eta haren lan taldeak. Besteak beste, enpatian sakondu dute, eta baita hain azalekoak ez diren indarkeria bideetan ere.
Elgarrestak nabarmendu du «haurrek informazio eta datu asko dituztela indarkeria matxistaren inguruan, baina tresnak eskaini behar zaizkiela, horri buelta emateko».
Bide horretan, Kepa Goikoetxea Laskorain ikastolako zuzendariak hezitzaileen garrantzia izan du hizpide: «Duela bi hamarkada baino askoz ere zentralitate handiagoa du hezkidetzak gaur egun, noski, eta arlo eta esparru guztietara zabaltzen da, pertsonak hezi behar ditugulako. Hala ere, hezkuntza komunitatea oso kritikatua izaten da, behar adina egiten ez dugula-eta. Posible da hala izatea, baina haurrek ez dute eskolan ikasi eta ikusitakoa bakarrik erreproduzitzen; etxetik, kaletik zein telebistatik informazio eta jarrerak jasotzen dituzte». Horrela, beraz, Goikoetxeak bide horretan lanean jarraitu beharraz ohartarazi du, bai ikastetxeetan, bai horietatik kanpo.
Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko 45 ikastetxetan eskainiko du sentsibilizazio saioa, baina, zabalkundea erabatekoa izan dadin, Berritzeguneekin lanean ari dira, haiek ikastetxe guztiei materiala helarazi diezaieten: «Hezkidetza arlo estrategikoa da, besteak beste, indarkeria matxista desagerrarazteko, eta haurrak giltzarri dira etorkizuneko gizartean», azaldu du Elgarrestak.
Saio amaieran, foru aldundiak maskara bana banatu die neska-mutilei, eta taldeko argazkia atera dute. Halaber, azaroaren 25aren inguruko jardueren irudiak sare sozialetan zabaltzera deitu dituzte gaztetxoak. Egun horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak DenokZu kanpainako kantua aurkeztuko du jendaurrean, eta Go!Azen telesaileko protagonistak bertaratuko dira, Donostiako egoitzako ekitaldira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!