Hodeiertz abesbatzaren entsegu lokalean aurkeztu dute, estreinakoz, Tolosako 49. Abesbatza Lehiaketa. Hori azpimarratuz ekin dio agerraldiari, Julian Lakunza Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak: «Seinale ona da, esan nahi baitu etxe honek bizi eta lan handia duela barruan. Gainera, abesbatza lehiaketa benetako musika kaxa batetik aurkezten ari gara, eta horrek indar sinbolikoa ere badu».
Mende erdia ospatzen ari da, oraindik ere, TEE eta, abesbatza musikari dagokionez, ezin biribilago ospatuko dute urtemuga: urteroko abesbatza lehiaketarekin batera, Europako Sari Nagusia ere Tolosan izango da aurten. Azaroaren 1ean izango da Europako Sari Nagusia, eta azaroaren 2tik 5era bitarteko egunak hartuko ditu, abesbatza lehiaketak. Horrela, bi sariketak aurkezteko Julian Lakunzaren alboan izan dira, Luismi Espinosa Tolosako Ekinbide Etxeko kidea, Olatz Peon Tolosako alkatea, Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako ordezkaria, Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaria, Ager Lasurtegi El Diario Vascoko ordezkaria eta Josu Sanchez Hamaikaweb-eko kidea.
«Beharbada, inoizko onena»
Europako Abesbatza Sari Nagusiak sei urtez behin hartzen du Tolosa, sei lehiaketa europarretako irabazle absolutuen arteko lehia baita. Horrela, Tolosakoarekin batera, Arezzo (Italia), Maribor (Eslovenia), Tours (Frantzia), Debrecen (Hungaria) eta Varna (Bulgaria) izan ohi dira sari nagusiko egoitza. Sari nagusia Tolosako Abesbatza Lehiaketaren aurretik helduko da aurten, eta TEEko Luismi Espinosak azpimarratu duenez, berezietan bereziena izateko aukera du 2017koak: «Abesbatzen inguruko jende askok baieztatu du, aurtengo Europako Sari Nagusiko kalitatea inoizko onena izan daitekeela, parte-hartzailek ikusita».
Batetik, abesbatza asiarrak nabarmendu ditu Espinosak. University of the Philippines Madrigal Singers filipinarrek eta Batavia Madrigal singers indonesiarrek zeresan handia emango dutela baieztatu du. Filipinarrek aurrez bi aldiz irabazi dute sari nagusia, 1997an eta 2007a; zenbakiei begira, beraz, badirudi aurtengo data beren neurrira eginikoa dela. Indonesiarrek ere besteak beste estutuko dute lehia, ordea, Espinosaren ustez: «Asiako abesbatza ezagunena da, eta zuzendaria ere bai».
Bide horretan, Luismi Espinosak Indonesiako abesbatza kulturak denbora gutxian izan duen garapenari jarri nahi izan dio fokua: «Duela 30 urte Indonesian ez zegoen abesbatza tradiziorik, eta orain izugarrizko eskola dute. Ausartuko naiz esatera, abesbatzen munduan Asia etorkizuna dela, orainaldia ez baldin bada». Bi talde horiekin batera, datorren azaroaren 1ean Choir Sola (Letonia), Choeur National des Jeunes A coeur joie (Frantzia) eta Vesna Children´s Choir (Italia) ariko dira oholtzan, egitarau eta estilo europarragoekin.
Eta, estiloen harira, Espinosak 2017ko Europako Sari Nagusiaren erakargarritasun berezia nabarmendu du: «Jende askori entzun izan diot Europako Sari Nagusiko errepertorio eta proposamenak teknikoegiak izaten direla, epaimahaiari soilik begirakoak. Bada, aurten hori ere aldatuko dela iruditzen zait, eta benetan emanaldi erakargarriak ikusi eta entzuteko moduan izango garela».
Haurren distiraren zain
Zenbait modalitate bi urtez behin txandatzen direnez, aurtengo lehiaketan ganbera abesbatzak eta haur abesbatzak ariko dira. Guztira, 15 taldek parte hartuko dute, 13 herrialde ordezkatuz. «Jatorri eta tradizio desberdinak bilatu nahi izan ditugu lehiaketarako, entzuleek abesbatza munduak duen aniztasuna ezagutu dezaten», azaldu du Espinosak. Horrela, haurren saioari begira jarri da, «hori ere sekula entzun dugun onenetarikoa izan baitaiteke».
Indonesiako bi abesbatza ariko dira gaztetxoen taldeen lehian, eta Espinosak bien zehaztasuna eta perfekzioa izan ditu hizpide. Aipatzekoa da, gainera, The Resonaz Childres´s Choir haur abesbatza indonesiarrak biribilduko duela lehiaketa, azken egunean San Frantziskon eskaini ohi duten kontzertuarekin.
Modalitate, sail eta kontzertu guztiak amaituta, epaimahaiaren lana izango da Europako nahiz Tolosako sarien irabazleak aukeratzea. Bada, Stephen Connoly (Erresuma Batua), Georg Grün (Alemania), Stojan Kuret (Eslovenia), Bengt Ollén (Suedia), Ko Matsushita (Japonia), Alexander Vatsek (Ukraina), Javier Busto (Euskal Herria) eta Enrike Azurzaren (Euskal Herria) belarriek neurtuko dute hori. Azken bien kasuan, Bustok sari nagusia epaituko du, eta Azurza tolosarra lehiaketan ariko da. Behin Tolosako saio eta lehiak amaituta, Tolosako Abesbatza Lehiaketa Gipuzkoaren bihotzetik zabalduko da Euskal Herri osora, ohi bezala: 64 kontzertu eskainiko dituzte hainbat herritan.
Ia bost hamarkada gaurkotzeko leihoa
Urtemuga, efemeride, kalitatezko parte hartzaile eta lehiaketa bikoitzekin batera, 2017ko abesbatza lehiaketak izango du beste berrikuntza bat ere: Tolosako Ekinbide Etxearen webgune berritua. Hamaikaweb-en ardura izan da diseinatu eta sortzea, eta Josu Sanchezek azpimarratu du, agendari indar handia eman nahi izan diotela: «TEEk jarduera oparoa duenez, diseinu sinple baina originala baliatu nahi izan dugu, webgune interaktibo bat sortzeko. Horrela, agendari garrantzi handia eman ahal izan diogu, erabiltzaileei erraztasunak eskainiz».
Besteak beste, Tolosako 49. Abesbatza Lehiaketako egitarau osoa norbere mugikorrera jaisteko aukera eskaintzen du, jada, www.cittolosa.com eraberrituak. Leiho berria osatzeke dago oraindik eta, esaterako, gaztelerazko bertsioa baino ez dute ondu. Orain, abesbatza lehiaketaz kanpoko edukiak txukuntzea izango da egitekoa. Bitartean, TEEko ordezkariek ohartarazi dute sarreren salmenta ohi baino biziago dabilela aurten, eta eskuratu nahi dituenak bizkor ibili beharko duela.
Abesbatza topaketak egingo ditu atariko lanak
Urri amaiera eta azaroa hasierako zubia kantuz zeharkatzen du Tolosak, nazioarteko lehiaketarekin. Aurretik, ordea, abesbatzen topaketak entzuleen gosea asetzeko hitzordua eskaintzen du, Gipuzkoako Abesbatza Federazioaren eskutik. Aurtengoa larunbatean izango da, 20:00etan, Santa Klara komentuko baselizan, eta bi abesbatza ariko dira, eskuz esku.
Besteak beste, federatutako abesbatzen artean elkarlaneko jarduerak sustatzea izaten da topaketaren helburua eta, horrela, talde bakoitzak bere errepertorio propioa eskaintzearekin batera, abesbatzek elkarrekin ere kantatuko dute.
Horrela, beraz, 20:00etan hasita, Azkoitiako Iraurgi abesbatza eta Errenteriako Hirusta abesbatza ariko dira, topaketan; sarrera doakoa izango da.
Elkarlaneko emanaldi hori zuzentzeko, Gipuzkoako Abesbatza Federazioak zuzendari bat gonbidatzen du urtero, eta aurten Enrike Azurza tolosarraren ardura izango da, Ama begida zazu eta Zer dire? obrak zuzentzearen ardura. Azken horren sortzaile Alejandro Yagüe zendu berria omentzeko baliatuko dute hitzordua.