Zeinuen hizkuntza, zinema aretora

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urr. 19a, 12:31
Alberto Etxebarria (erdian) eta Gainditzeneko beste bi kide

Urriaren 27 eta 28an ospatuko da Tolosan zeinu hizkuntzan egindako film laburren nazioarteko jaialdia; 13 lan lehiatuko dira eta aurten lehen aldiz, gai erotikoa lantzen duen lan bat eskainiko dute.

Zeinu hizkuntzan egindako film laburren nazioarteko jaialdia zortzigarrenez ospatuko da Tolosan, urriaren 27 eta 28an. Ostiralean emango diete ongi etorria parte hartzaile eta gonbidatuei eta ondoren, 19:30ean, kultur etxean eta doan Jose Luis Garciak zuzendutako Madagascar, caminos del silencio ikusi ahal izango da. «Gorra den Jose Luis Garciak Madagaskarren izandako bizipenekin osatutako dokumentala eskainiko dugu», esan du Gainditzen elkarteko Alberto Etxebarriak.

Lehiaketan parte hartuko duten film laburrak larunbatean ikusi ahal izango dira 16:30etik 21:00etara, Topic-en, eta sarrerak 8 euro balio du. Guztira 13 lan ikusi ahal izango dira. «Bost herrialdetako filmak bildu ditugu eta aurten berrikuntza bat ere badago, film laburretako batek gai erotikoa baitu, Bombón, eta hori ezingo dute 18 urtetik beherakoek ikusi», esan zuen Etxebarriak. Aurten gainera, jaialdia bukatuta zozketa bat egingo dute, «ez dugu zozkatuko duguna aurreratuko, sorpresa izango da», gaineratu zuen. 30 minutuko lehen atsedenaldia baino lehen 7 lan ikusi ahal izango dira, 6 film labur eskainiko dituzte ondoren. Bigarren atsedenaldia eta gero lehiaketatik kanpoko Irango Saman Hosseinpourren hiru film labur jarriko dituzte.

Larunbatean, 10:00etatik aurrera, hitzaldi bat ere izango da entzungai kultur etxean. Domingo Pisón eta Ana María Marantek zuzenduta zeinu hizkuntzan egindako zinema jaialdietako epaimahaien inguruan ariko dira.

Film laburrak

Urriak 28, larunbata
16:30-21:00, Topic-en

  • La llave de venganza, Javier Guisado (Madril)
  • Flover, Teemu Lipasti (Finlandia)
  • Letras Perdidas, Rafa Puig (Bartzelona)
  • Duelo, Carlos Soroa (Madril)
  • La basura, Jorge Lima (Madril)
  • X, Berta Frigola (Bartzelona)
  • Our basketball dream, Anthony Cheung (Hong Kong)
  • Bombón, Laura Díaz (Madril)
  • Búho, el chico de compañía, Pedro Soroa (Madril)
  • Te necesito, Laura Díaz (Madril)
  • Hotel Nouvel,  Raúl Ruiz (Bartzelona)
  • Kari, Elsa G. Björnsdóttir (Islandia)
  • 58 Jours, Gilles Cervantes (Francia)
  • 1-0 60 sec, Saman Hosseinpour (Iran)
  • Autumn leaves, Saman Hosseinpour (Iran)
  • En Fish, Saman Hosseinpour (Iran)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!