«Kanporaketa bat izango balitz bezala joango naiz jokatzera: irabaztera»

Asier Imaz 2017ko urr. 19a, 07:50

Promozio Txapelketan, lau t'erdiko ligaxkako partida jokatuko du tolosarrak igandean, Eibarko Astelena pilotalekuan, 17:00etan.

Final-laurdenetako ligaxkako lehen partida Agirreren aurka jokatu eta galdu zuen Jon Ander Peñak (Tolosa, 1997), Bartzelonan. Finalera pasatu ahal izateko, bigarrena irabazi beharrean dago da tolosarra.

Lehena galdu ondoren bigarrena jokatuko duzu igandean. Nola ematen zaio buelta horri?

Ez naiz gaizki aurkitzen. Aurrenekoa ez nuen partida ona egin. Berak ere ez zuen ona egin, baina nik kaxkarragoa. Orokorrean partida txarra izan zen, baina ahaztuta daukat.

Bartzelonan jokatu zenuten. Zer moduzko esperientzia izan zen?

Hain urrun partida bat jokatzea ondo dago, baina txapelketako bat jokatzea agian ez da egokiena. Ez duzu atseden berdina hartzen. Baina hala eta guztiz ere, aitzakiarik ez dago.

Frontoia, giroa, sarrera... nolakoa izan zen?

Giroa ona izan zen. Frontoia aitzakiarik gabea, berezia izan arren. Dena margoturik zegoen, baita lurra ere. Ez zen bete, baina bazegoen jendea.

Orain Eibarren jokatuko duzu, katedralean.

Ikusleentzat pilotaleku polita da; barruan dabilenarentzat asko eskatzen duena, zorrotza. Niretzat frontoi ona dela iruditzen zait, bizia, batez ere ezker horma. Honek bai ez duela aitzakiarik, esan bezala, katedrala baita.

Ugalde izango duzu aurrean. Honek ere lehen partida galdu egin zuen, Elordiren aurka. Kontuan hartzeko moduko sakea dauka.

Jokaldi horrekin nahiko min egiten du, bai. Baina ez da ahaztu behar errematatzailea ere badela eta oso ondo jokatzen duela. Elordiren aurka ez zuen agian berak nahi zuen partida jokatu, baina nik Ugalde onena espero dut.

Matematikoki galduta ere ez zen txapelketa amaituko, baina irabazi beharreko partida da.

Eta ni horretara noa. Irabaztea besterik ez dut pentsatzen. Galtzen baldin baduzu badakizu zer dagoen, eta besteen menpe geratzen zara. Hori ez zait batere gustatzen. Kanporaketa bat izango balitz bezala jokatzera noa: irabaztera.

Zer joko egiten saiatuko zara?

Eroso ez dadila sentitu, eta aurrean pilota ez dezala hartu; eta batez ere sakea kentzen saiatuko naiz.

Zer moduz egokitzen zara lau t'erdiko distantziara?

Egia esan gustatzen zaidan distantzia da. Buruz buru baina gehiago gustatzen zait, eta nire jokorako egokiagoa dela uste dut. Iaz ondo aritu nintzen, baina aurten ez nabil horren gustura.

Zuen partidaren ondoren, jaialdiko bigarrena etorriko da: Altuna III-Artola.

Giro polita izango dela uste dut. Amezketaren eta Alegiaren artean giro berezi hori sortzen da. Partidari dagokionez, gure antzeko egoeran dauden bi pilotari dira. Lehia gogorra izango dela uste dut. Oso joko desberdina dute eta partida oso irekia dagoela uste dut.

 

LAU T'ERDIKO TXAPELKETA

Lehen maila

Urriak 22, igandea, 17:00etan

Altuna III

Artola

Promozio txapelketa

Urriak 22, igandea, 17:00etan

Ugalde

Peña II

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!