Iparragirreren askatasuna eskatu dute

Ataria 2017ko urriaren 18a

Ibon Iparragirre euskal presoaren egoera salatzeko eta bere askatasuna eskatzeko elkarretaratzea egin dute gaur Tolosako epaitegi aurrean.

Ibon Iparragirre euskal presoaren egoera okertu egin dela salatu dute elkarretaratzean: "Azken azterketa medikuaren bidez jakin dugu Ibon hilzorian dagoela, eta edozein gorabeherak heriotza eragin diezaiokeela".

Era berean, Auzitegi Nazionaleko forentse medikuaren eta epailearen jarrera salatu dute: "Epaileak Alcala espetxeko medikuaren gainean jartzen du Ibon askatzeko ardura, eta epaileak ez du bere erantzukizuna betetzen. Badakite Ibon azkeneko egunak bizitzen ari dela, baina hala ere, ez dute har dezaketen erabaki zuzen eta gizalegezko bakarra hartzen: gizatasun printzipioa aplikatuz, Ibon kaleratzea".

Azkenik, besarkada "sentikor" bana bidali diete bere senitartekoei, eta antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

«Ibonen bizitza hari batetik zintzilik dago».

Metafora gordin bezain argigarriarekin definitu zuen presoaren egoera haren anaia Gotzon Iparragirrek Arraio Irratian. Eta inork ez daki zenbaterainoko lodiera duen hari horrek. Ezta medikuek ere. «Bizi-diagnostikoa ezin dela egin esan zuten uztailean egin zioten ikuskatzean. Ezin da jakin bi urte iraungo duen edo bi egun barru infekzio bat harrapatuko duen eta hori izango den amaiera». Presoak berak badaki hil-bizian dela; hotz jakinarazi zion forentseak. «Badakizu berriro gaixotuz gero hil egingo zarela, ezta?».

Hiesa du Iparragirrek, eta, azken analisien arabera —irailaren 15ekoak—, hogei defentsa ditu soilik. Osasuntsu dagoen pertsona baten gorputzak 724 eta 1.154 defentsa artean ditu. «Azken urtean 50 bat defentsa izan ditu, baina astebete erietxean eman zuen maiatzean eta ekainean, pneumonia batengatik, eta jaitsi egin zaizkio», azaldu du Gotzon Iparragirrek. «Edozein infekzio, katarro txiki bat, zauri bat...»

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!