'Handia' filma

Gertukoen txalo zaparrada jaso du 'Handia' filmak

Imanol Garcia Landa 2017ko urriaren 18a

Leidor aretoan 600dik gora ikusle izan ziren atzo Handia filmaren aurrestreinaldian. Txalo zaparradarekin hartu zituzten taula gainera igo ziren pelikularen taldeko kideak, eta txaloek ere jarraipena izan zuten filma bukatzean.

Altzo eta Tolosa filmaren parte dira eta bi udaletako ordezkariak izan ziren aurrestreinaldian, eta baita Altzoko Kultura Batzordeko kideak ere. Handiaren jaioterriko herritar ugarik ere ez zuten nahi izan aurrestreinaldia galdu, eta 150 altzotar inguru izan ziren Leidorren. Altzoko Handia gertutik sentitzen duten ikusle ugari izan ziren, beraz, aretoan.

Jon Garaño filmeko zuzendarietako batek ere gertutasun horretan oinarritu zuen filmaren aurrestreinaldia egiterakoan Tolosako Leidor aretoa aukeratzea. Berarekin batera, atzo izan ziren Leidorren Joseba Usabiaga aktore tolosarra eta filmeko protagonistetako bat, Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handia interpretatzen duen Eneko Sagardoy aktorea, Iñigo Aranburu aktorea, Xabier Berzosa produktorea, Joxe Mari Goenaga gidoilaria eta ekoizlea, eta Miren Aperribai banatzailea.

Aurrestreinaldiaz gain, beste 6 emanaldi ere izango ditu 'Handia'k Tolosan: urriak 20, ostirala, 20:30ean; urriak 21, larunbata, 19:30ean eta 22:30ean; urriak 22, igandea, 19:30ean (saio zenbakitua) eta 22:00etan; eta urriak 23, astelehena, 20:30ean (ikuslearen eguna).

Galdera asko planteatzen dira filmean, gehienetan erantzuten ez direnak. Orain, filmari berari buruzko galdera egitea egokitzen da: zer bide egingo du Handia-k zinema aretoetan?

Entzun hemen Joseba Usabiagari Pasahitza saioan egindako elkarrizketa.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!