Iparragirreren egoera salatzeko elkarretaratzea deitu dute gaur

Ataria 2017ko urriaren 18a

Okerrera egin du Ibon Iparragirre euskal presoaren osasunak, asko jaitsi baitzaizkio defentsak: hogei ditu soilik. Haren egoera salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur, 19:00etan, Tolosako epaitegi aurrean.

«Ibonen bizitza hari batetik zintzilik dago». Metafora gordin bezain argigarriarekin definitu zuen presoaren egoera haren anaia Gotzon Iparragirrek Arraio Irratian. Eta inork ez daki zenbaterainoko lodiera duen hari horrek. Ezta medikuek ere. «Bizi-diagnostikoa ezin dela egin esan zuten uztailean egin zioten ikuskatzean. Ezin da jakin bi urte iraungo duen edo bi egun barru infekzio bat harrapatuko duen eta hori izango den amaiera». Presoak berak badaki hil-bizian dela; hotz jakinarazi zion forentseak. «Badakizu berriro gaixotuz gero hil egingo zarela, ezta?».

Hiesa du Iparragirrek, eta, azken analisien arabera —irailaren 15ekoak—, hogei defentsa ditu soilik. Osasuntsu dagoen pertsona baten gorputzak 724 eta 1.154 defentsa artean ditu. «Azken urtean 50 bat defentsa izan ditu, baina astebete erietxean eman zuen maiatzean eta ekainean, pneumonia batengatik, eta jaitsi egin zaizkio», azaldu du Gotzon Iparragirrek. «Edozein infekzio, katarro txiki bat, zauri bat...»

Haren egoera salatzeko, elkarretaratzeetara deitu du Kalera Kalera dinamikak. «Ozen salatu nahi dugu Iparragirreren aurkako tratu anker eta gizagabea. Bere bizitza arrisku larrian egonik, espetxean mantentzen duten bitartean heriotza zigorrera kondenatzen ari dira», adierazi du Alberto Matxain bozeramaileak. 19:00etan egingo dute elkarretaratzea, gaur, Tolosako epaitegi aurrean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!