«Euskara gero eta gorago doa omen; baina zein zentzutan?»

Iñigo Terradillos 2017ko urr. 18a, 07:46

‘Sormenetik’ ekimenaren laugarren edizioko protagonista Anje Duhalde izango da. Tolosako entzuleek gertutik jarraituko dute musikaria eta Garbiñe Ubedaren artekoa.

Kultura, euskara eta azoka lotzeko helburuarekin jaio zen Sormenetik Galtzaundiren eskutik. Dagoeneko hiru edizio egin ditu Sormenetikek eta laugarren honetan, Anje Duhalde musikari arrangoiztarra izango da gonbidatua. Saioa urriaren 21ean egingo da, Tolosako Zerkausiko azpialdean. 12:00etatik aurrera, Garbiñe Ubeda kazetari eta idazle tolosarrak elkarrizketatuko du Duhalde. Bere ibilbidearen, euskal kultur sorkuntzaren eta Ipar-Hego Euskal Herriaren arteko harremanaz jardungo da gonbidatua. Horrekin batera, musikari lapurtarraren kantuez gozatzeko aukera ere izango da.

Nola aurkezten da larunbateko ekimena?
Egin izan ditut horrelakoak. Solasaldia izango da, ez da interrogatorio bat izango. Ibilbidearen aipamen bat izango da azken finean. Kantuak izango dira baina hau ez da kontzertu bat izango, jendea ez dezagun engainatu. Bizpahiru kantu abestuko ditut giroa sortzeko.

Zure ibilbide luzeari errepasoa egingo zaio.
Hori da. Ibilbidea oraindik ez dut bukatu, oraindik ez dut asmorik. Elkarrizketaren bidez garai ezberdinak aipatuko ditugu, nola sentitu ditugun desberdinki garai haiek. Suposatzen dut ere euskal musikaren aipamena egingo dela. Hasiera badakit nolakoa izango den: «Noiz hasi zinen...» baina hortik aurrera ez dakit zer izango den.

Hasiera 1970. hamarkadan koka dezakegu...
Pixka bat lehenago hasita. 60. hamarkadaren bukaeran hasi ginen.

Ordutik zenbat bizipen baina zenbat gauza aldatuko ziren...
Bai ikusi eta entzun. Pasa den mendeko istorioez ari gara!

Bizi izan duzuna bizi eta gero zer esango zenuke gaur egungo garaiari buruz?
Bizi, iraun behintzat iraun dut eta irauteko gogoarekin ere banaiz oraindik, tartetxo batean. Denbora pixka bat gehixeago izango dugunez larunbatean orduan kontatuko ditugu garaitik garairakoak. Aldaketak izan dira bai sozialki, bai politikoki, gizarte mailan... Nire nerabetasuneko garaia ezagututa ez dut deus ikusten gaur egungo gazte batengan.


Larunbateko ekitaldiak muinean euskara sustatzea ere helburu du. Tolosaldean euskararen erabileran jaitsiera gertatu da.

Euskara ez da inoiz hainbeste ikasi eta ez da inoiz hainbeste aipatu gaur egun baino. Euskaradun asko sortu dira hezkuntza politika bitartez baina euskara gehiago entzuten ote denik herrika edo hirika ez dut uste. Aurrekoan Gorlizen kontzertua neukan, udaletxeko enparantzan gaztetxoak zeuden, denak smartphonarekin, eskaraz ez dut ezta hitz bat ere entzun eta denek euskara dakitela eta gaztetxo bati esan diot: «Euskaraz jakinez gero zuen artean zergatik ez duzue euskaraz egiten». Eta berak: «Ez, hori eskolako hizkuntza da».
Ez dakit honek ondo marrazten duen gure panorama baina uste dut alde hori badela; lotsagarria, penagarria da. Baina euskara gero eta gorago doa omen. Baina gorago zein zentzutan? Hori da nire kezka.
Iparraldean galera handia izan da 50 urtetan eta hori errekuperatzea kostako da asko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!