Geometriak abstrakzioan badu lekurik

Irati Saizar Artola 2017ko urr. 18a, 07:50

Azaroaren 4ra bitarte Carlos Garci 'Spogo' artistaren 'Triple plano' erakusketa izango da ikusgai Tolosako GKo galerian. Forma, kolore, testura eta sakontasun ezberdinetako lanak aurki daitezke.

]Nire estudioko lanak abstrakzioa eta geometria uztartzen ditu; aintzat hartzen ditut naturaltasuna eta soiltasuna. Nire pinturaren bitartez adimen emozionala sortzen da, eta estimulu horiek irudikatzea bilatzen dut nire obrek zirriborro-itxura eduki eta publikoak interpretatu ditzan». Horrela definitu du bere lana Carlos Garci Spogo artista kataluniarrak. Tolosako GKo galerian jarri du Triple plano erakusketa, eta azaroaren 4ra bitarte izango da ikusteko aukera.

Azken aldian ezagun egiten ari da Spogo, eta ez da soilik kalean hormak margotzen dituelako. Normalean, kale arte munduan aritzen direnek letrak margotzen dituzte; Spogok aldiz, abstrakzioa du gogoko, eta horren barnean geometria erabiltzen du. Irailaren 30az geroztik, GKo galeriako arduradun Garikoitz C. Muruak egunero ditu begien aurrean Garciren lanak, eta badaki geometriarekin aritzea ez dela samurra: «Geometrian ez dago araurik, baina oso gogorra da. Gauzak ez badira ondo kokatzen bistari kolpea ematen zaio, eta oreka bat bilatu behar da». Sortzen diren forma guztien artean, tarteka, irudiak agertzen dira.



Artistak berak adierazi bezala sinpletasuna da nagusi. Hala ere, erabiltzen dituen koloreek berezi egiten dituzte bere lanak. Galeriako arduradunaren esanetan, «kolore nahasketa orekatu egiten du; nahiz eta kolore batek pisu handia izan koadro batean, beste kolore batek oreka bilatzen laguntzen dio. Koloreak oso nahasketa berezian daude eginda, baina ondo daude kokatuta, izan ere, sakontasuna ematen dio koadroari, zentzu bat hartzen du». Koloreez gain, testura ezberdinak aurki daitezke koadro berean, baita espraia, akrilikoa edota esmaltea.

Donostiako Street tARTar jaialdian parte hartu zuen iaz Spogok. Han egindako lanak gustatu, eta GKo galeriakoek aukera «egokia» ikusi dute Tolosara ekarri eta erakusketa bat jartzeko. Lau egunetarako etorri da Tolosara, eta ez du denborarik galdu: GKo galerian erakusketa jarri du, BOX.A arte elkartean proiekzio bat eskaini du, eta Tolosako Kale Nagusian mural bat margotu du zuzenean. GKo galeriakoek behin artista bat etorrita probetxurik handiena ateratzen saiatzen dira: «Artistak etortzea gustatzen zaigu, baina ez soilik erakusketa jartzea. Azken finean galerian publiko gutxi daukagu, eta modu horretan, herriarekin lotura bat egiten du; horixe da galeriari interesatzen zaiona».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!