Lehertzeko modukoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urr. 12a, 14:19

Urteroko moduan, azkartasuna izan da Tolosako Herri Krosaren lerroburu nagusia; Unai Arroyo tolosarra eta Maider Gaztañaga ordiziarra izan dira garaile, berrehundik gora parte-hartzaileren artean.

Urriaren 12an falta ezinezko hitzordua da, tolosaldeko korrikalarientzat, San Esteban auzokoa. Aurtengoa XXX. Tolosako Herri Krosa izan da, gainera, eta zenbaki borobila omentzeko irten da eguzkia bera ere. 8 kilometro, ibilbide laua eta Behobia-Donostia lasterketarako hilabete justu: lehertzeko moduko lasterketa izan da. Azkenean, Unai Arroyo tolosarra eta Maider Gaztañaga ordiziarra suertatu dira irabazleak, norbere kategorian.

Arroyo hasieratik kokatu da lasterketa buruan, baina ibilbidea osatzen joan ahala, tartea zabaldu dio bigarren sailkatuari: Kamel Ziani oriotarrari. Hirugarren postuan, berriz, Raul Amatriain helmugaratu da.

Maider Gaztañagak, berriz, korrikarako sasoia berretsi du Ferialekuko helmugan, eta Maialen Muñoz bigarren sailkatua baino segundo batzuk lehenago iritsi da. Hirugarren, Oiana Ortiz tolosarra helmugaratu da.

Korrikarako eskola ere bai

Iaz estreinakoz antolatu zuten, helduen krosaren ondoren, gaztetxoenentzako hitzordua, eta aurten ere arrakastaren bidean jarraitu du. Horrela, bi txandatan parte hartu ahal izan dute neska-mutilek. 9 urte bitarteko korrikalariak irten dira lehenengo, eta zenbaitek gurasoen laguntza izan dute 500 metroko ibilbidea osatzeko.

Bigarrenak, berriz, 9 urtetik gorakoak izan dira, eta azkarxeago osatu dute bidea, helmuga zeharkatzeko grinaz.

San Estebango kultur asteko lehen hitzordua izan da krosa, eta datorren astean barrena festa giroak jarraitu egingo du auzoan.

 

SAILKAPENA:

Gizonezkoak

1. Unai Arroyo Cabeza 00.24:59

2. Kamel Ziani Huasisi 00:25:45

3. Raul Amatriain Arraiza 00:26:30

Emakumezkoak

1. Maider Gaztañaga Dorronsoro 00:30:24

2. Maialen Muñoz Lope 00:30:56

3. Oiana Ortiz Laborde 00:31:45

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!