Beste 50 urte betetzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko urriaren 12a

Berazubiko frontoiaren 50. urteurrena ospatu dute gaur. 1967an, gaurko egunez, inauguratu zuten eta data borobila ospatzeko lau partida ere jokatu dituzte.

Manu Ayerza Tolosa CF-Aurrera KE pilota taldeko arduradunak azaldu duenez, "pozgarria da frontoi baten 50. urteurrena bete ahal izatea". "Gaur egun kirol asko daude pilotaren aurretik eta pozgarria da Berazubi bezalako frontoi batek 50 urte betetzea", gaineratu du. Frontoia estaltzeko proiektua ere martxan dagoela gogoratu du Ayerzak, "espero dezagun segituan estali ahal izatea eta noski, beste 50 urte betetzea".

Urteurrena ospatzeko markagailu berria jarri dute eta hori ere erakutsi dute Christian Fernandez Kirol zinegotziak eta Iñaki Martixa Tolosa CFko lehendakari berriak. "Pozez betetzen nau frontoi batek 50 urte betetzeak, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu frontoiak urteak betetzen jarrai dezan. Guk ere badakigu frontoia estaltzea beharrezkoa dela eta hori lortzeko lanean jarraituko dugu", esan du Fernandezek.

Martixak bere aldetik, pilotan ari diren gazteak zoriondu ditu. "Disfrutatu kirola egiten, ondo pasa eta jakin dezazue klubaren eta frontoiaren historian parte hartzen duzuela. Migel Soroak egin zuen hemen lehen sakea eta seguru zuetako bat baino gehiago ere bera bezain handiak izango zaretela, handiak zarete jada, baina ospearekin esan nahi dut".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!