Hedabideetan etengabe entzuten dugu gatazka armatuen ondorioz hildakoen zenbatekoak... Baina galdetzen al diogu gure buruari zer dagoen zenbaki horien atzean? Amets bat, ilusio bat, bizitza bat».
Hausnarketa horretatik abiatuta sortu du Urriak 12 izeneko erakusketa Alberto Letamendi tolosarrak: «Gizartearen apatiaz konturatu nintzen. Datu ugari ikusten ditugu pantailen aurrean: hainbeste errefuxiatu, hainbeste hildako...baina dena bideo-joko bat bezala ikusten dugu».
Gaurko eguna, urriak 12, Hispanitatearen Eguna eta Indar Armatuen eguna da, eta egun hori salatzeko osatu zuen bilduma. «Alde batetik, jendea kontzientziatzea da erakusketaren helburua. Bestetik, idazleak proiektuarekin inplikatzea nahi dut: panpin edo ume bakoitzaren atzean ametsak edo ilusioak daude eta idazleek beraien hitzekin istorio horiek kontatzea nahi dut», esan du Letamendik.
Era berean, helburu ekonomikoa ere badu erakusketak: «Kongoko elkarte batekin harremana dugu. Bortxatzen dituzten emakumeak eta haurrak beren familietatik baztertzen dituzte, eta elkarte horretako kideek emakume horiek kale gorritik ateratzen dituzte. Panpinak saldu eta lortzen dugun dirua elkarte horretara bidaliko dugu». GKo Galleryn bertan eros daitezke eskulturak.
HAURRAK IRUDIKATUZ
Tolosako Plaza Zaharrean eta GKo Galleryn ikus daiteke erakusketa. Plaza Zaharrean eskultura bat, koadro bat eta marrazki batzuk daude, eta GKo Galleryn, berriz, lau eskultura. Eskultura horiek haurrak irudikatzen dituzte: «Haurrengan jarri dut arreta. Horiek dira inozeentenak; ez daukate zerikusirik gertatzen denarekin, baina gatazka horien ondorioak bizitza guztian jasan behar dituzte».
Panpina horiei gas maskara egin zien burdinarekin, kobrearekin edota alanbrearekin, eta pintatuta eta zikinduta ere badaude: «Betiko teknikak erabiliz gero, ez da guk nahi dugun helburua lortzen. Oso itxura indartsua dute, eta ea herritarren artean zerbait eragitea lortzen dugun».
Plaza Zaharrean dagoen eskultura gizakien tamainakoa da. Horren arrazoia azaldu du Letamendik: «Telebista bidez ikusten ditugu biktimak, baina hurrengoak gu geu izan gaitezke eta hori erakutsi nahi dut». Horretaz gain, plastikozko mila soldadurekin egindako haur baten aurpegiaren koadroa dago, «armadek egiten dutena salatzeko». Gas maskara ugariren marrazkiak ere ikus daitezke.
Duela hamar egun ireki zuten erakusketa eta «pozik» dago: «Zerbait mugitzen du eta ez da oharkabean pasatzen». Igandera arte dago aukera errealitate gordin horretara gerturatu eta kontzientziak pizteko; galeria gaur itxita egongo da, baina kalean dauden lanak ikusi daitezke eta nahi izanez gero, sortzaileak egindako gonbita hartu daiteke eta «ume bakotizaren ilusioak» hitzez jantzi.