Tolosa baso bilakatzera dator Mikologika

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urr. 11a, 14:49

Saioa Martinez, Olatz Peon eta Joxe Mendizabal, aurkezpenean.

Casino elkarteak zortzigarrenez antolatuko du azoka, urriaren 17tik 21era bitarte; urteroko moldeetan, baina zenbait berrikuntzarekin iragarri dute egitaraua.

Azoka bereziak abiarazten direneko urtaroa izaten da, Tolosan, udazkena. Hala berretsi du Olatz Peon alkateak, Mikologika azokaren aurkezpenean eta, gaineratu du, berau izaten dela lehena. Datorren urriaren 17tik 21era bitarte, Tolosa perretxiko eta onddoen hiri bilakatuko da beste behin, eta zaleentzat egitarau tentagarria sukaldatu dute Casino elkarteko antolatzaileek.

Bere garaian Tolosako Ekinbide Etxeak ekin zion aste mikologikoa antolatzeari eta, etenaldi baten ondoren, 2010. urtean ekin zion, Casinok, Mikologika berrituari. Horrela, aurtengoa izen hori hartuko duen zortzigarren azoka izango da. Aurkezpenean, Joxe Mendizabal Casinoko kide eta Mikologikako antolatzaileak eman ditu azalpenak, eta aldamenean izan ditu Olatz Peon alkatea eta Saioa Martinez sukaldari tolosarra ere.

Hirurak bat etorri dira, Mikologika egonkortu dela azpimarratzerakoan, eta iazko arrakastaren bidean jarraitu nahi duela nabarmendu dute. Alkateak, bere aldetik, gastronomiaren garrantzia izan du hizpide: "Udalaren ildo estrategikoetan gastronomia funtsezko atala da, posizionamendu gastronomikoa gure mugetatik harago doalako, eta Tolosa bereizgarri egiten duelako".

Betikoaren zaporea, onena

Egitaraua urteroko moldeetan diseinatu dute, hitzorduak asteartetik larunbatera bitarte antolatuz eta, ohiturarik eutsiz, lehen zita Casinoko bazkideei begirakoa izango da. 19:00etan, sukaldaritza tailerra egingo dute Sonia Tapia eta Xabier Martinez sukaldari eta bazkideen eskutik.

Berrikuntzetako bat asteazkenean iritsiko da Mikologikara, perretxikoen mundua eta argazkilaritza uztartuko baitituzte, master class batean: Alex Alonso argazkilari kataluniarra hizlari lanetan ariko da, Cómo fotografiar setas con éxito saioan. Casino elkarteko lehenengo solairuan izango da hitzordua, 20:00etan.

Asteburua gerturatu ahala, hazi egingo da sukaldean prestatutako udazken lorren usaina eta, besteak beste, Zerkausiko show cooking-a izango da horren errudun. 20:00etan hasita, Pili Manterola Getariako Iribar jatetxeko sukaldaria izango da saioko gidaria, eta perretxikoan lehengai gisa baliatuz, hainbat plater prestatzeko gakoak eskainiko dizkie bertaratuei; dastatzeko aukera ere izango dute, gainera.

Ostirala "pisu handiena hartu duen eguna bilakatu" dela azpimarratu du Joxe Mendizabalek, eta egitaraua da horren erakusle. Goizean goizetik hasita, eskualdeko lehenengo DBHko ikasleak bilakatuko dituzte protagonista: Aranzadi Zientzia Elkarteko kideekin mendi irteera egingo dute, eta perretxikoan ezagutu, identifikatu eta bilduko dituzte, larunbateko azokarako behar bezala sailkatzeko. Arratsaldean, berriz, 18:00etatik aurrera hasiko da festa. Batetik, elkarteen arteko pintxo lehiaketa izango da Zerkausian: "Sekulako maila izaten da urtero", azaldu du Mendizabalek.

Zerkausiko suak piztu eta berotzen ari diren horretan, berriz, Mikologikako hitzordu deigarrienetakoari ekingo diote, Berdura plazan: Txanpion Fest-i. Iaz antolatu zuten estreinakoz, plaza ametsetako mundu bilakatuz eta, publiko gazteari begirako hitzordua izan bazen ere, herritar guztien aho eta belarrietara zabaldu zen festaren arrakasta. Iazko moduan, aurten ere, 18:30etik aurrera, food-truckak, DJa nahiz zerbeza kuboak izango dira eskuragarri. Guztia, Alde Zaharreko txokoa pop up espazio bilakatzeko. Aurkezpenean ez dute gehiegi aurreratu nahi izan, baina plazak baso itxura hartuko duela iragarri dute antolatzaileek.

Azkenik, larunbatak biribilduko du 2018ko Mikologika, Trianguloa plazako azokarekin. Tolosaldeko eta Goierriko zenbait sukaldarik bat egingo dute, norbere pintxoa prestatuz. Urteroko moduan, txartelen bidez eskuratu ahal izango dira, bai pintxoak, baita edariak ere. Gainera, aurten gaztetxoenek ere izango dute tarterik, Trianguloko azoka mikologikoan: Saioa Martinez sukaldari tolosarraren eskutik, haurrentzako sukaldaritza tailerra izango da, 12:00etatik aurrera. ETBko 3txulo saioan aritzen da sukaldari lanetan, eta fantasia mundu hori perretxikoenarekin nahastuko du, Tolosan.

Bien bitartean, ikastetxeetako haurrek osatutako perretxiko erakusketa ere ikusgai izango da.

Aipatzekoa da, hitzordu gastronomiko horiekin batera, Tolosa&Co elkarteko zenbait dendak parte hartuko dutela Mikologikako erakusleiho lehiaketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!