«Beti arreta eman izan dit, ikusteak, jaio orduko haurrek eskuak nola erabiltzen dituzten»

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urr. 9a, 07:43

Hizkuntza eta argazkilaritza eskutik heldu ditu, Oskia Karrerak (Tolosa, 1969), eskuez aritzeko. Uztartze horretatik, liburu bat eta erakusketa bat loratu dira udazken tolosarrera. Aranburu jauregian datorren urriaren 28ra bitarte ikusgai izango da argazki erakusketa, eta liburua argazkilariaren estudioan izango da eskuragarri, Zerkausia kalean.

Zer da 'Eskuekin esaten dizut'?

Proiektu berean erakusketa eta liburua daude. Egitasmoaren bidez erakutsi nahi dut, egunerokotasunean, eta oharkabean, eskuekin adierazten dugun guztia. Lanak bost atal ditu, eta atal horietan hainbat keinu bildu ditut.

Arreta ematen dizutenak?

Bai. Haurdunaldian, adibidez, amaren barruan dagoenean, haurra lasaitu egiten da amaren laztanekin. Jaiotakoan, berriz, senaz, heltzeko joera izaten du haurrak. Lauzpabost hilabeterekin bere eskuak deskubritzen ditu eta, gero, keinu bidezko hizkuntzarekin hasten dira, hizketan ikasi aurretik. Eta, helduaroan, keinu asko erabiltzen ditugu, hitzen bidez adierazitakoa azpimarratzeko.

Hirugarren atalean energiaren erabilera landu dut: oharkabean adiskideren bat ikusitakoan poza adierazteko egindako keinua; ezbeharren bat izandakoan egindakoa; lanez gainezka gaudenekoa, mina dugunekoa,... Sormenarekin loturiko keinuak ere badira, eskuak erabiltzen baititugu idazterakoan, musika jotzerakoan nahiz eskulanak egiterakoan. Eta, era berean, gure iritzi pertsonala adierazteko keinuak ere badira: ideologian sartuko nituzke.

Proiektuak bi euskarri izango ditu: erakusketa eta liburua.

Lehenengo lana liburua izan da. Aipaturiko bost atal horiei jarraituz, 100 argazki inguru bildu ditut lanean. Argazki bakoitzak testu labur bat du aldamenean, eta erretratatutako keinu horren hitza nabarmenduta dago. Horrez gain, euskarak esku hitzari ematen dion balio berezia azpimarratu nahi izan dut, erro horretatik eratorritako hainbat eta hainbat hitz liburuan txertatuz.

Liburuko 100 argazki horietatik, erakusketan 65 egongo dira.

Bai, hori da. Argazki aukeratu horiek bi neurritan ikusi ahal izango dira, eta batzuk bereziki handiagoak izango dira.

Argazkietan eskuek izango dute garrantzia, baina, nola aukeratu dituzu protagonistak?

Egileak gai bakoitza bere inguru eta sustraiekin inguratzen du eta, nire kasuan, Tolosako jendeari eskatu diot parte hartzea. Oso-oso eskertuta nago, lan orduez kanpo geratu, galderarik egin gabe beren burua prest azaldu eta, eskuzabaltasun osoz, parte hartu dutelako.

Gainera, laburpen txiki bat ere egin dut Tolosako irudi bereziekin. Sukaldariak, Udaberri eta 60. urteurrena, umeak, gazteak eta musikariak azaltzen dira. Tolosari bereziki eskainitako irudiak dira, urtean zehar esanguratsuak diren momentuak biltzeko helburuarekin.

Zenbat denbora eman duzu lan horretan?

Duela urtebete hasi nintzen eta, neguan egin nuen lanik handiena; estudioan lan gutxien izaten dudan garaian.

Eta, zergatik fokua eskuei?

Pantor argitaletxearekin egiten dudan bigarren lana da, eta proposatu zidaten eskuekin lan bat egitea, baina modu estatikoan. Hainbat urtetako argazkietan ikusi izan dut, eskuekin zenbat keinu egiten ditugun eta komunikatzerakoan zein erabilera ematen diegun eskuei, eta alde horretatik jo dut.

Baina, bereziki gustuko izan duzu eskuak erretratatzea?

Egia esan, atal guztiak ditut gustuko. Dekoraziotik hasi, eta jendearen argazkietara iritsi arte. Baina ama naiz, eta beti arreta handia eman izan dit, ikusteak, jaio orduko haurrek eskuak nola erabiltzen dituzten; jendearen keinuei jarraitu izan diet beti. Horrelako zerbaitek arreta ematen ez badizu, ez duzu ikusten.

Gaur egun nola ikusten duzu argazkilaritza profesionala?

Asko aldatu da. Duela 20 bat urte hasi nintzen modu profesionalean, eta esango nuke argazkilaritza digitalak asko aldatu duela argazkilarion lana. Norberak argazkiak egiteko ohitura zabaldu egin da, argi eta garbi, baina uste dut oraindik eskaintzeko asko daukagula. Nire kasuan, gauza gutxik sortzen didate estetikak sortzen didan bezainbesteko grina, eta hor jarraitzeko asmoa daukat. Gainera, begiarengatik, enkuadreagatik, argiagatik, tresnengatik, nahiz postprodukzioagatik estudiora bertaratzen direnek ikusten dute emaitza desberdina dela.

Tolosakoa amaitutakoan, erakusketak beste herriren bat bisitatuko du?

Interesa azaldu didate, nahiz eta ez dakidan zertan geratuko den. Erakusketarako euskara hutsean lan egin dut, baina noski, kanpora ateratzekotan, itzulpena egin beharra daukat, eta horretan hasiko naiz orain.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!