Babes ofizialeko 10 etxebizitza esleitu ditu udalak, alokairuan

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 5a, 15:51
Argazkia: Tolosako Udala

Kondeaneko aldapan daude etxebizitzak, eta baremazio sistema bidez esleitu dituzte; datozen hilabeteetan sartuko dira bizitzera.

2016ko maiatzean iragarri bezala, Tolosako Udalak osatu du, jada, Kondeaneko aldapako babes ofizialeko alokairu etxebizitzen onartu-zerrenda. 224 eskaera jaso eta 172k pasatu zuten galbahea, eta baremazio sistema baliatu dute, 10 etxebizitzak herritarrei banatzeko.

Obrak hasi zituztenez geroztik, udalak 11 etxebizitza egokitu ditu Kondeaneko aldapan, 952.750 euroko aurrekontuarekin; bat, ordea, udalaren behar berezietarako baliatuko dute. Horrela, 10 etxebizitza esleitu dituzte, horretarako banatutako lau eskatzaile talderentzat.

Batetik, etxebizitza bat esleitu dute mugikortasun urri-iraunkorreko eskatzaileentzat; babes bereziko egoeretan egon daitezkeen eskatzaileentzako beste bi etxe utzi dituzte eta, azkenik, zazpi etxebizitza esleitu dituzte, erregimen orokorrean.

Tolosako Udalak 52 eskaera baztertu ditu, oinarrietan zehaztutako baldintzak ez betetzeagatik eta, hori oinarri hartuta, eskaera bakoitzari puntuak banatu dizkiote, baremazio sistema bidez. Kontuan hartu dituzte, bizikidetza unitatearen diru sarrerak –urtean 3.000 eta 39.000 euro artean, Tolosako Udaleko etxebizitza erregistroko antzinatasuna eta udalerriarekiko lotura.

Errentak, 128 eta 232 euro artean

Babes ofizialeko alokairu etxebizitzak izaki, errentaren prezioa ere aldakorra izango da, bi baldintzaren arabera: etxebizitza bakoitzaren prezioa, batetik, eta bizikidetza unitate bakoitzaren urteko diru sarrera, bestetik.

Horrela, Kondeaneko aldapako 10 etxebizitza horietako esleipendunei, 128 euro eta 232 euro bitarteko errentak zehaztu dizkiete, hilero.

Obrak amaituta dauden arren, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak zenbait tramite egin behar ditu, eta alokairu kontratuak urtea amaitzerako sinatuko dituzte herritarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!