Mendi lasterketetako ballet dantzaria

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 5a, 11:22

Mendi lasterketetan ibiltzen direnek, bere izena entzutean burua alde batera mugitzen dute. Mendi lasterketak gertutik jarraitzen ez dituztenek, ezagutzen ote duten galdetuta, burua bi aldetara mugitzen dute. Bere ibilbidea bere hitzetan ezagutzean, ahoa bakarrik mugitzen da, zabal-zabalik geratu arte.

Ideia bat egiteko: Zegama-Aizkorri irabazi du eta Salomon marka berarekin harremanetan jarri da.
Ane Iturriak 16 urte ditu, tolosarra da, Alpino Uzturreko kidea da eta larunbatean Anbotoko Kilometro Bertikala irabazi zuen, junior mailan. Nagusien sailkapena kontuan hartzen baldin badugu, bere denbora zortzigarrena izan zen, irabazlearengandik 10 minutura.


5 urterekin balletean hasi zen Ane Iturria. 11 urte eta gero, balleta utzi eta mendi lasterketak hartu ditu: «Pena ematen dizu, baina hau gehiago gustatzen zaidanez, gustura nago». Mendian ahuntzak bezala saltoka irudikatu beharrean, hemendik aurrera, ballet dantzari bat mendian jauzika irudikatuko dugu: «Bi gauza desberdin izan arren, mendia eta balleta, orain arte egindako guztiak asko laguntzen du, eta bada bien arteko lotura bat».


14 urte zituela 14 orduak egin nahi zituela esan zion aitari. Jexux Iturriak ezetz esan zion, eta eskarmentu bat eman nahi izan zion, gainera: «Familia bazkari bat zen. Koinatuak ea 14 orduak egin behar nituen galdetu zidan. Nik ezetz, eta honek aldamenetik, berak egin nahi zituela esan zidan. 65 kilometroko ibilbide bat da, eta ezetz esan nion. Argi uzteko, hurrengo igandean mendi itzuli handi bat egiteko asmoa azaldu nion, eta nahi baldin bazuen nirekin etortzeko. Ikusiko du zer den ona, pentsatu nuen. Esan beharrik ez dago hanka sartu nuela. Gustatu egin zitzaion, eta osabarekin 14 orduak egiten amaitu zuen».


Ondoren, lasterketa herrikoiak, txakur krosak eta kros mistoak etorri ziren. Baina txikitatik mendia ezagutzen duenak, mendira tiratzen du, ballet dantzaria izanagatik: «Betidanik Pirinioetan asko ibiltzen gara. Anek eta bere ahizpa txikiak mendiarekin erlazio handia daukate. Hiru Erregeen Mahaia, Collarada…», eta zerrendak ez du etenik Jexux Iturriaren oroitzapenetan. 2017an sartu berritan, Tolosaldeko 2 Tontorrak egin nahi zituela esan zion Ane Iturriak aitari. Erantzuna ezezkoa izan zen. «Oraindik 15 urte zituen, eta nahiz eta itzuli hori behin baino gehiagotan egina genuen, goizegi zala pentsatzen nuen». Eztabaida handiegirik ez zen izan hor, baina maiatzean Zegama-Aizkorri etorri zen, eta «nahi duzuna egin» izan zen kasu horretan erantzuna. «Beldur pixka bat nuen. Ordura arteko lasterketen desberdina zen. Handiegia geratuko ote zitzaidan zalantza nuen», onartzen du Iturria gazteak. Ateratzeko erabakia hartu zuen, eta 16 urterekin lasterketa irabazi zuen. Aurkariak hiru urte zaharragoak zituen. Mugarri moduko bat izan zen Zegama-Aizkorri Iturriarentzat: «Oso gustura ibili nintzen, eta oso ondo pasa nuen. Ilusio handia eragiten dit mendian lasterka ibiltzeak. Eta burugogorra naizenez, eutsi egin nion».
Eta horrela eutsi zion mendi lasterketari. Garaipenak bata bestearen atzetik hasi ziren iristen: Zumaian, Espainiako Txapelketan,… eta berriro ere aitaren oroitzapenak, martxan. Lehen mugarria Zegama-Aizkorri izan baldin bazen, bigarrena Salomon markaren deia izan zen. «Arropa emateaz gain, lasterketa batzuetara gonbidatu nau. Eta orain arteko lorpenik handiena horrela etorri zitzaidan. Irailaren 22ko asteburuan, Pirinioetako NIT Kilometro Bertikalera gonbidatu ninduten, eta irabazi egin nuen». Nagusiak kontuan hartuta, tolosarra 10. geratu zen, irabazlearengandik lau minutura.


Berazubin bueltaka ibiltzen egotea baino gehiago gustatzen zaio mendian gora eta behera ibiltzea Iturriari. Oporretara joaten denean ere, ez da gelditzen tolosarra: «Ameriketako Estatu Batuetan izan gara, eta inguruan ea lasterketaren bat ote zegoen hasi ginen begira. Oregonen bazegoela ikusi genuen, eta aitarekin atera nintzen». Bigarren amaitu zuen Alpino Uzturreko gazteak, hori bai, nagusien lasterketan. «Laster ezingo diot mendian jarraitu», onartzen du aitak. Munduko txapelketa batera joatea da Ane Iturriaren ilusioa, eta ametsa, «horrela jarraitzea, gustura eta sasoitsu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!