Erretirodunen eskaeren artean pentsio duinak lortzea

Ataria 2017ko urriaren 5a

Erretirodunen Nazioarteko Egunaren gerizpean kalera atera eta gizartean merezi duten protagonismoa eskatu dute.

Erretirodunen Nazioarteko Egunaren harira Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunen Elkarteak (GIJUPENSE) Tolosako Trianguloan elkarretaratzea egin eta bere eskaerak jendartean plazatzeko baliatu zuen.

GIJUPENSE 37.000 bazkidek osatzen dute eta euren asmoa elkarte bezala nortasun bizi eta eraginkor batekin lan egitea da, gaurko gizartean. Honela eskaera zein salaketak egiteko baliatu zuten euren eguna.

Pentsio duinen eskaera erretirodunen zerrendan protagonismoa badu ere, ez da bakarra: «Gure pentsioen eros ahalmena gutxitu da eta gutxitzen doa, %0,25eko urteko igoera lotsagarria da». Alargunak gogoan izanik, euren pentsioa %70era igotzea eskatu zuten, beste behin ere.

Eta bestelako salaketak ere egin zituzten elkartetik: «Gobernuak gizarte segurantzako fondoak bere irabazietarako erabili ditu». IRTP delako zergaren baliogabetzea, etxez etxeko laguntza handitzea eta adineko beharrei erantzuteko leihatila bakarra sortzea adinekoen egunerokotasunean onura ekarriko lukeela argi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!