Doako interprete zerbitzua, zeinu hizkuntzan

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko urr. 5a, 09:49

Gainditzen elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza bat jaso du; interpretea bi hilabetez ariko da Tolosan.

Zeinu hizkuntza interprete zerbitzua doan eskainiko du Gainditzen elkarteak, datozen bi hilabeteotan. Gipuzkoako Foru Alundiko gizarte politiken arloak diru laguntza bat eman dio elkarteari, eta horrek ahalbidetuko du zerbitzua.

Julian Rodriguez Gainditzen elkarteko lehendakariak zehaztu duenez, interprete zerbitzua hainbat beharretarako erabili ahal izango da: «Osasun publikoan, kultur etxean, Lehiberrin, turismo kontuetan, prentsaurrekoetan, hitzaldietan, berdintasun esparruan nahiz beste hainbat lekutan».

Gainera, Rodriguezek azpimarratu du interprete zerbitzua ez dela, bakarrik, zeinu hizkuntza darabilten herritarrentzat izango; sentsibilitate akustikoa galdua duen edozein herritarrek baliatu ahal izango du interprete zerbitzua.

Datozen bi hilabeteetan interprete zerbitzua behar izanez gero, ilsetolosa@gmail.com helbide elektronikora idatz daiteke, edo 666 63 71 58 telefonora deitu.

EUSKARA ETA ZEINUAK

Interprete zerbitzuaren berri ematearekin batera, Gainditzen elkarteak ohartarazi nahi izan du bidean topatu duten arazo batez: zeinu hizkuntzako tituluaren desagertzea.

«Gaur egun titulu hori ez dago eskaintza akademikoan, eta ordezkatu duten titulazioak ez ditu zeinu hizkuntzako jakintzak ordezkatzen», dio Rodriguezek. Horri, gaineratu diote Euskal Herriko arazoa bikoitza dela: «Zeinu hizkuntza titulua duten pertsona gutxik dakite euskaraz eta, kasu honetan, Euskal Herritik kanpoko interprete baten zerbitzua baliatu behar izan dugu».

Horrela, «Tolosaldean euskaldun kopurua handia denez», azpimarratu nahi izan dute, arazoa erakundeen bidetik konpondu beharrekoa dela, aurrera begira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!